Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak beste 1.000 bonu jarriko ditu herritarren eskura abuztuaren 1etik aurrera

Udalak gogorarazten du, hilabetean erositako bonuak hilabete horretan bertan erabili beharko direla. Honenbestez, uztailean erositakoak hileko 31a baino lehen erabili beharko dira

Orain arte izena eman ez duten Bermeoko merkatari, ostalari eta turismo enpresek aukera berria izango dute nahi izanez gero abuztuaren 3tik 17ra

Bermeon, 2020ko uztailaren 28an.- Bermeoko Udalak, Bermeo Tuna World Capital elkartearekin batera, ekainean abiarazi zuen abendura bitartean gauzatuko duen bonuen kanpaina. Bada, lehenbiziko hilabetea pasata, abuztuan beste 1.000 bonu jarriko dira herritarren eskura, herriko 102 saltokitan erabili ahal izango direnak.

Gainera, Udaletik gogorarazten da kanpaina honetan parte hartzeko bigarren eta azken aukera zabalduko dela abuztuaren 3tik 17ra. Beraz, orain arte izena eman ez duten Bermeoko merkatari, ostalari eta turismo enpresek aukera berria izango dute nahi izanez gero. Horretarako, Behargintzarekin jarri beharko dute harremanetan (946 17 91 90).

Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotzi Kepa Zumeta “oso pozik” agertu da lehenbiziko hilabeteetan bonuek izan duten emaitzarekin. “Herritarrek bonu asko erosi dituzte. Egia esan oso harrera ona izan du kanpainak. Asko pozten gara, ‘Nik, BermeON’ ekimenaren barruan atera diren bonuek helburu bikoitza dutelako: herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea eta herritarrek euren erosketak egiteko erraztasun gehiago izatea. Denek irabazten dugu. Uste dugu datozen hilabeteetan ere emaitza antzekoa lortuko dugula. Dakizuenez, hilabete bakoitzaren hasieran, 1.000 bonu jarriko ditugu salgai eta bonu bakoitza hilabete horretan bertan erabili beharko da derrigorrez”, adierazi du Turismo eta Merkataritza zinegotziak.

Esan bezala, abuztuaren 1etik aurrera beste 1.000 bonu jarriko dira salgai. Aurreko hilabeteetan bezala, herritarrak, hiru bonu mota aurkituko ditu: 4 eurokoa (6 euro izango ditu gastatzeko), 10 eurokoa (15 euro izango ditu gastatzeko) eta 20 eurokoa (30 euro izango ditu gastatzeko). Hori bai, beti bezala, erosketa bakoitzean, gehienez, bonu bi erabili ahal izango dira eta, gainera, bonu guztiek ez dute balioko parte hartu duten establezimendu guztietan. Merkataritza eta turismoko enpresetan 15 eta 30 euroko balioa duten bonuak erabiliko ahal izango dira eta, ostalaritza establezimenduetan, berriz, 6, 15 eta 30 euroko balioa dutenak. Gainera, hilabete bakoitzean erosten diren bonuak, hilabete horretan erabili beharko dira. Hilabete bakoitzean, gehienez, 4 bonu erosteko aukera egongo da.

Bonuak erosteko aukera bi daude:  KUTXABANKeko SEJ terminalean (Bermeoko kasuan Lameran dagoen bulegoan) edo modu digitalean (Bermeoko webgunean jarritako loturaren bitartez). KUTXABANKeko bezeroentzako ez du inolako gain kosturik, gainerakoentzat, ordea, bonu bakoitzeko 0,73 euro.

Guztira, Bermeoko Udalak 67.500 euro bideratuko ditu ekainetik abendura bitartean salgai jarriko diren 7.000 bonuetan. Helburua da herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea eta COVID-19ak herrian izan duen inpaktua txikitzea.

28 / 07 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0