Albisteak

Albistea

Julen Urdaibaik 2022ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emango die

-Distantzia luzeetan espezialista den korrikalari bermeotarrak kirolaren aurrean duen filosofia, aurten irabazitako Ice Ultra lasterketa eta Bermeoren izen ona munduan harrotasunez zabaltzea izan dira bera aukeratzeko arrazoi nagusiak  

Bermeon, 2022ko abuztuaren 31an.- Julen Urdaibai korrikalari bermeotarra igoko da aurten Udaletxeko balkoira 2022ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emango dion pregoian parte hartzeko. “Kirolaren aurrean duen filosofia, aurten irabazitako Ice Ultra lasterketa eta Bermeoren izen ona munduan harrotasunez zabaltzea izan dira bera aukeratzeko arrazoi nagusiak”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.

“Kirolean garrantzitsuena ez da irabaztea eta mezu hori aukera duen bakoitzean zabaltzen du Julenek. Garrantzitsuena da norberak duen guztia ematea eta esfortzu horrekin pozik egotea. Noski, irabazten bada poztasuna handiagoa izango da baina Julenek erakusten digu bidea bera dela garrantzitsuena eta ez azken emaitza. Aurten, gainera, Ice Ultra lasterketa irabazi bezain laster hori bera adierazi zuen eta Udal Gobernu honek mezu horrekin erabat egiten du bat”, jarraitu du Zumetak.

“Bizimodu osasungarria eta kirola sustatzen ditu Julenek eta hori oso positibo eta beharrezkoa da. Bermeoren izen ona munduko toki guztietara eramaten du, baita Zirkulu Polar Artikora ere, eta ez zaigu pertsona hoberik bururatzen aurtengo pregoian parte hartzeko”, bukatu du Kultura zinegotziak.

Julen Urdaibai, honenbestez, Bermeoko alkate Aritz Abaroaren alboan egongo da irailaren 7an Goiko Plazan egingo den pregoian aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emateko.

Jai-liburua eta egitaraua on-line:

Bestalde, irailaren 1etik aurrera jaietako liburua jarriko da salgai. Liburuak 50 zentimoko prezioa izango du eta Gizarte eta Kultur Etxean eta Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango da. Azkenik, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien programa, alkatearen agurra, jai-liburua bera eta intereseko informazioa bermeokojaiak.eus webgunean egongo dira ikusgai. Bertan informazioa eguneratzen joango da eta programa bera PDF formatuan deskargatu ahal izango da.

31 / 08 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0