Albisteak

Albistea

Kontzertuak, erraldoiak, herri kirolak, suziriak, sukalkia… eta askoz ere gehiago 2022ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan!

“Uda hasieran esan genuen bezala, normaltasunerantz bueltatzen ari gara eta aurtengo jaiak %100ean gozatzeko aukera izango dugu Udalak eta herriko elkarteek antolatutako ekintza guztiekin”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak

Bermeon, 2022ko abuztuaren 22an.- “Ekainean esan bezala, normaltasunerantz bueltatzeko uda izan da aurtengoa eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak %100ean disfrutatu ahal izango ditugu aurten. Gogo handiarekin gaude jaiei hasiera emateko eta betiko formatura itzultzeko. Elkarrenganako errespetua erdigunean izan behar duten jai hauek gozatzeko egunak izango dira, zalantzarik gabe. Aldi berean, eskerrak eman nahiko nizkieke jai batzordeari, herriko elkarte ezberdinei eta Udaleko langileei egitarau bikain hau prestatzeagatik”, adierazi du gaur goizeko prentsaurrekoan Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Aurten, 80 ekintza baino gehiago antolatu dira irailaren 7tik 16ra bitartean. Besteak beste, lehen mailako kontzertuak egongo dira (Gozategi, Bulego, Puro Relajo, Boleros 4, ‘Play the game’ Queen-en tributua…), ume eta gaztetxoei bideratutako ekintza asko eta, noski, betiko klasikoak ez dira faltako: bajadie, Sukalki Eguna, su artifizialak, herri kirolak, play-back erraldoia, esku pilota partidak…

Besteak beste

Jaiak irailaren 7an hasiko dira Goiko Plazan egingo den Xixiliren aurkezpenarekin eta alkateak egingo duen pregoiarekin. Hala ere, horren aurretik bajadie egingo da Almikatik eta, gainera, XI. Bermeo Hiria Esku Pilota Txapelketari hasiera emango zaio. Pregoiaren ostean, Gozategi musika taldearen txanda izango da.

Hurrengo egunean, Andra Mari Eguna ospatuko dugu. Udalbatza Goiko Plazan elkartuko da ‘Alkate soinua’ entzuteko eta, ondoren, Almikarantz abiatuko da Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Aiarako Musika Banda, Alkartasuna Dantza Taldea eta Kankinkabara Txistu Taldearekin batera. Arratsaldean, herri kirolak eta bertso saioa izango ditugu Artza Frontoian eta gauean suziriak ikusteko aukera izango dugu. Egunari bukaera emateko, Puro Relajo taldeak kontzertua eskainiko du.

Irailaren 9an Arrantzaleen Eguna ospatzeko aukera izango dugu. Lora eskaintzea eta aurreskua egingo da goizean, arrantza ontzien hornitzaileei omenaldia eskainiz eta Enrike Zubiari esker ona emanez. Arrantzaleen Egunean, gainera, drogen kontsumoaren prebentzioaren ildora, Udalaren helburuei jarraituz, drogei buruzko informazio eta Testing zerbitzua eskainiko da Udal Liburutegiaren alboan eta baita Botiltzarra izeneko programa ere. Honek, alkoholaren kontsumoak dakartzan arriskuak txikitzea du helburu. Arratsaldean, Boleros 4 musika taldearekin gozatzeko aukera izango dugu eta, gauean, Lamera parkean, Bidean taldearen erromeria izango dugu. Egunean zehar ere fanfarreak egongo dira giroa alaitzen.

Hurrengo egunean, irailaren 10ean, umeentzako jolas parkea egongo da Burujabetasun Zelaian eta gauean, Queen talderan tributu ‘Play the game’ taldeak kontzertua eskainiko du. Irailaren 11an, Sukalki Egun tradizionala ospatuko da eta irailaren 12an Bermeo Hiria Esku Pilota Txapelketaren partidekin jarraitu ahal izango dugu. Egun horretan bertan, arratsaldez ere, Ganso & CIA-ren Panoli Kabareta kale antzerikiaz gozatu ahal izango dugu. Ondoren, txokolatada antolatuko da Irakaskintza kalean, Haitz Nagusijje auzo elkarteak antolatuta.

Play-Back Erraldoia eta asko ere gehiago

Irailaren 13an tailerrak izango ditugu txosnetan eta, iluntzean, Bermeoko Play-Back Erraldoia izango dugu Lameran. Umeen saioan 6 eta 14 urte bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute eta nagusienean 15 urtetik gorakoek. Izen ematea beharrezkoa izango da. Horretarako, irailaren 1etik 5era bitartean Gizarte eta Kultur Etxera joan beharko da. Hurrengo egunean, irailaren 14an, Zaharren Egoitzako egoiliarrek Almika auzora irteera egingo dute eta, arratsaldean, txosnetan, Tor Magoa egongo da ikusgai. Arratsaldean ere, Goiko Plazan, Leire Gotxik kontzertua eskainiko du eta, gauean, Hurtsun eta Ortziren ‘Urbasa’ kale antzerkia ikusi ahal izango dugu, Lameran.

Jaien azken partean sartuta, irailaren 15ean, tortilla txapelketa antolatuko da txosnetan eta, arratsaldean, gaztetxoentzako ekintzak izango dira protagonistak. Arratsaldean ere, Euskal Artzain Txakurren erakustaldia egingo da. Noski, urteroko nagusien danborrada ez da faltako. Ekintza honetan Aiarako Musika Bandak lagunduko du. Gauez, herriko musika taldeek kontzertuak eskainiko dituzte txosnetan.

Irailaren 16an, Santa Eufemia Eguna ospatuko dugu. Urtero bezala, baserri giroko azoka antolatuko da eta hainbat txapelketa antolatuko dira. Besteak beste, XXX. Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketa eta Euskal Oiloaren Bizkaiko V. Txapelketa. Tradizioari jarraituz, Udalbatza Goiko Plazatik Santa Eufemia elizara joango da. Egun honetan ere mozorro eguna ospatuko da txosnetan. Ohiko moduan egun honetan ere omenaldia izango da, aurten, Santa Eufemia elizari, Jorge Vergniory Arana Gazteluko jaien argazkilariari eta Anton Benguria Ereño baserritarrari Santa Eufemia enparantzan egingo zaie omenaldia.

Santa Eufemia eguneko arratsaldean XIV. Alkartasun Batel Estropada egingo da eta Artza Pilota Elkarteak eta Inpesca-Atunlok antolatutako 1go Bermeo Hiria Inpesca-Atunlo Pilota Festibalaren finala jokatuko da. Dantzaldia ere izango da Gaztelun, Aiarako musika bandeagaz eta Mitxel Diaz Espina Erandioko Musika bandaren zuzendari ohiari omenaldia egingo zaio. Gauez, suzko zezena izango dugu ikusgai eta, azkenik, doluzko ibilaldia egin eta Xixili erreko da, azken agurra egin eta gero. Suzirien ostean Bulego taldeak kontzertua eskainiko du.

Trafikoan aldaketak eta murrizketak

Trafikoari dagokionez, irailaren 1etik 19ra Lamerako sarrera itxita egongo da. Zama lanak egiteko, Lamerako eta portuko auzokideentzako eta ekitaldietan parte hartuko duten ibilgailu baimenduentzako baimenduko da soilik sarrera. Gainera, Irailaren 17ko estropada egunerako, goizeko 8etatik aurrera Lamerako sarrera guztiz debekatuta egongo da.

Zeharbideari dagokionez, trafikoa itxita egongo da eta saihesbidetik desbideratuta hurrengo egunetan:

- 7an Txupinazo egunean(arratsaldetik aurrera)

- 8an Andra Mari egunean

- 9an Arrantzale egunean

- 10 eta 11an (asteburua)

- 16an Santa Eufemia egunean

- 17an Estropadak

Garbitasun dispositibo berezia

Aurtengo jaietan, garbitasun dispositibo berezia jarriko du martxan Udalak. Horrela, garbitasun langileen kopurua handituko du egun berezi hauetarako eta ureztatze errefortzua izango da irailaren 8,10,11,12,16,17 eta 18 egunetan. Sastar batze zerbitzuari dagokionez irailaren 6tik 8ra eguerdiko 14:00etatik aurrera gauzatuko da, irailaren 10etik 16ra  eguerdiko 14:00etatik aurrera eta irailaren 17tik aurrera arratsaldeko 19:00etan. Irailaren 9an ez da  zerbitzurik egongo. Bost edukiontzi jarriko dira portu zaharrean beste bi barraketan eta Lameran ere beste hainbeste.

Horrez gain, komun kimikoak eta finkoak ere jarriko dira herriko gune ezberdinetan, guztira 20 komun inguru jarriko dira Txosna inguruan, Zubipean, barraketan, Gaztelun… besteak beste. Horietatik Sukalki egunerako lau jarriko dira bereziki Tala inguruan. Hala ere, jaietan erantzukizunaz jokatzeko deia egiten die Udalak bermeotarrei, herri garbi eta txukun bat mantentzeko jaietan. Bermeo zeurie be bada.

Erasoen aurrean tolerantzia zero

Gainera Udalak, protoko bat landu du eraso sexisten aurrean ustezko biktimari merezi duen arreta emateko. Horrelako kasurik gertatuz gero, zerbitzuen arteko koordinazioa bermatuko da. Bestalde, informazio-eskuorriak zabalduko ditu ostalaritza guneetan, herritarrek, eraso baten aurrean nola jokatu behar duten jakin dezaten. Udalak dei egiten die bermeotarrei eraso horiek salatzeko, eraso sexisten aurrean tolerantzia zero nabarmendu behar delako. “Argi eta ozen esaten dugu, herri eta Udal honek ez du eraso sexistarik onartuko!”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.

22 / 08 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0