Albisteak

Albistea

Rafa Sardinak jasoko du 2022ko Hegaluze Saria musika munduan egindako ibilbide bikainarengatik

-Bermeotar honek, beste sari batzuen artean, 18 Grammy eskuratu ditu

-Saria maiatzaren 20an emango zaio, Arrain Azokaren aurkezpen egunean, eta on-line bidez konektatuko da Kaliforniatik

Bermeon, 2022ko maiatzaren 17an.- Rafa Sardina bermeotarrak eskuratuko du 25. Hegaluze Saria. 1968. urtean jaiotako grabazio ingeniari honek herrian ematen den sari garrantzitsuena jasoko du Arrain Azokaren aurkezpen egunean, maiatzaren 20an, eta on-line bidez konektatuko da Kaliforniatik eskerrak emateko eta saria modu birtualean jasotzeko. Hegaluze Sariak Bermeoren izena zabaldu eta goratu edo herriaren alde egin duen pertsona zein erakundea nabarmentzea du helburu.

Epaimahaiaren arabera, hauek izan dira saria emateko arrazoi nagusiak:

-          Musikaren munduan egindako ibilbide profesional bikaina. Bere 18 grammy sariek horrela adierazten dute

-          Bermeotik kanpo urte asko daramatzan arren, bere bermeotasuna harrotasun handiz azaltzen du

-          Bermeotik mundura!. Bera da adibiderik esanguratsuenetarikoa.

Rafael Sardina -Rafa Sardina bezala profesionalki ezaguna dena- grabazio ingeniaria, nahasketa ingeniaria eta musika ekoizlea da. Besteak beste, artista hauekin egin du lan bere ibilbide luzean zehar: Stevie Wonder, Camila Cabello, D’Angelo, Rosalía, John Legend, Elvis Costello & The Roots, Lady Gaga, Michael Jackson, Flor De Toloache, Placido Domingo, Celine Dion, Rachel Platten, Harry Conick Jr, Tim McGraw, Mariah Carey, Shakira, Dr. Dre, Dru Hill, Armando Manzanero, David Morales, Jessy Moss, Luis Miguel, Paco de Lucía, Sheryl Crow, Beyonce, Juanes, Robbie Williams, Alejandro Sanz…

Pertsona hauekin guztiekin egindako lanari esker 60 Grammy eta Grammy Latino hautagaitza lortu ditu eta, guztira, 18 eskuratu ditu.

Musikarekiko zuen maitasuna txikitatik hasi zitzaion bere jaioterrian gitarra jotzen zuela eta grabazio saioetara joaten zela. Medikuntza fakultatean lau urte eman ondoren, Rafak bere bizitza osoko pasioari ekin zion: musikari, hain zuzen ere. Espainiako iparraldean eta Frantziako hegoaldean bizitako folk, jazz eta bestelako musika denboraldiek, Estatu Batuetara eraman zuten.

Bertan, Full Sail Unibertsitatera joan zen bere ezagutza eta trebetasunak handitzera. Lortutako emaitzek eta erakutsitako bikaintasunak Valedictorian sariarekin graduatzea ahalbidetu zuten. Handik gutxira ingeniari postua lortu zuen Hollywoodeko Ocean Way Recording Studios-en eta Los Angeleseko Record One Studios-en. Kaliforniako azken hiri honetara bizitzera joateko erabakia bere bizitzako garrantzitsuenetakoa izan zen.

Nahiz eta Rafa Sardina pop, rock eta R&B proiektuetan lan egiteagatik ezaguna izan, beste musika genero askotan ere grabaketa eta nahasketa lanak burutu ditu: orkestra grabaketak, dantza, gospel, soul, rap, film eta telesailen soinu bandak…

17 / 05 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0