Albisteak

Albistea

Badatoz Bermeoko aratusteak!

-Bermeoko Udalak eta herriko hainbat kultur talde eta eragilek ekintza ugari antolatu dituzte ostiral honetatik hasi eta martxoaren 5era bitartean

Bermeon, 2022ko otsailaren 21ean.-  2022ko aratusteak asteburu honetan iritsiko dira Bermeora eta bermeotarrek egitarau zabala izango dute bere eskura egun hauek jai giroan pasatzeko. Bermeoko Udalak eta herriko hainbat kultur talde eta eragilek ekintza ugari antolatu dituzte ostiral honetatik hasi eta martxoaren 5era bitartean eta gaur goizean aurkeztu dituzte herriko Kultur Etxean egin den prentsaurrekoan.

“Aurtengo aratusteak, zorionez, ez dira iazkoak bezalakoak izango. Egungo egoerak aukera ematen digu hainbat ekintza antolatzeko. Hala ere, ezin dezakegu pentsatu pandemiaren aurreko egoeran gaudenik. Tamalez, COVD-19a oraingoz dago gure artean eta indarrean dauden neurriak errespetatu behar ditugu. Guztion osasuna dago jokoan. Gure burua eta ingurukoena zaintzen jarraitu behar dugu. Hala ere, aurrera begiratu behar dugu eta, hau dela eta, Udalak berak eta herriko kultur talde eta eragileek hainbat ekintza prestatu dituzte. Bermeotarrak animatu nahi ditugu ekimen hauetan parte hartzera eta, nola ez, primeran pasatzera!”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.

Egitaraua:

Aratusteei ongi etorria emateko kalejira egingo dute Kanta Kanta Lorukoek otsailaren 25ean. Goiko Plazatik aterako dira 20:00tan. Hurrengo egunean, herriko kaleetatik zehar ibiliko dira Coro Rociero Maikako kideak kalejira egiten. Egun berean, 12:30etatik aurrera, Alkartasuna Dantza Taldekoek Lantzeko Inauteria dantzatuko dute herrian zehar.

Martxoaren 1ean, egun guztian zehar, kalejira egongo da Erroxapeko Martxaren eskutik. Gainera, Goiko Plazan, tostada txapelketa tradizionala egingo da. Txapelketako oinarriak udaleko webgunean eta Kultur Etxeko harrera gunean eskuragarri daude. Tostaden aurkezpena 17:00etatik 18:00etara egin beharko da eta sari banaketa 19:00etan egingo da. Antolatzaileak Bermeoko Udala eta Haitz Nagusije dira. Azkenik, 17:00etatik 20:00etara Bermeoko Udalak aratusteko mozorroen photocall-a jarriko du Goiko Plazan. Animatu zure mozorroak gurekin konpartitzera! Parte-hartzaile bakoitzak zenbaki bat lortuko du eta zozketa batean sartuko da.  Oinarriak udaleko webgunean eta Kultur Etxeko harrera gunean daude eskuragarri.

Eta jaiegun hauei amaiera emateko, martxoaren 5ean, Spookypheria Productions-en eskutik Vade Retro Party (50´s, 60´s, 70´s, 80´s eta 90´s) jaia egingo da Bermeoko Kafe Antzokian. Ateen irekiera 21:30ean egingo da eta ekitaldiari 22:00etan emango zaio hasiera. Sarrerek 10€ko (+ gastuak) prezioa izango dute eta www.bermeokokafeantzokia.com webgunean eskuratu ahal izango dira. Gainera, egunean bertan, 12 euroren trukean erosi ahal izango dira. Ekintza honen laguntzaileak: Unholy Covers eta Bermeoko Kafe Antzokia.

21 / 02 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0