Albisteak

Albistea

Olentzero eta Mari Domingi Bermeoko Goiko Plazara hurbilduko dira abenduaren 24an!

  • Bermeoko Udalak eta herriko zenbait kultur eragilek hainbat ekimen antolatu dituzte Gabonei begira

Bermeon, 2021eko abenduaren 22an.- Olentzero eta Mari Domingi bueltan dira. Izan ere, Bermeoko Goiko Plazako elizpera hurbilduko dira abenduaren 24an, 18:00etatik 20:00etara. Olentzeroren Laguntzaileak Taldeak eta Bermeoko Udalak antolatuta, umeek bi pertsonaia hauek ikusteko eta agurtzeko aukera izango dute. Gainera, egun horretan bertan herriko hainbat taldek ere giroa alaituko dute. Gogorarazten da behar-beharrezkoa dela indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak betetzea.

“Hainbat ekimen izango ditugu egun hauetan zehar. Herriko talde eta eragile ezberdinei eskerrak eman nahiko nizkieke urte osoan zehar eta egun berezi hauetan egiten duten lanarengatik. Zuen laguntza ezinbestekoa da. Bestalde, herritarrak ekintza hauetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu Udaletik eta mesedez eskatzen diegu antolatzaileen gomendioak jarraitzea. Segurtasuna mantentzea oso beharrezkoa da. Kultura segurua izango da guztiok gure aldetik jartzen badugu”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.

Esan bezala, Bermeoko Goiko Plazan herriko kultur taldeek giroa alaituko dute. Besteak beste, hauek parte hartuko dute:

-          Irrintzilari taldea

-          Ttakuntxo Txalaparta taldea

-          Erraldoien Konpartsa

-          Kankinkabara Txistu Taldea

-          Bertsolariak

Bestalde, Bermeoko Udalak antolatuta, abenduaren 27 eta 30ean Miru Sorginak 2 eta 5 urte bitarteko umeentzako gomendatutako ‘Nirekin jolastu nahi?’ ikuskizuna eskainiko du Bekoportalan. Bi saio egingo ditu egun bakoitzean, 11:00etan eta 12:30ean. Une honetan oso plaza gutxi geratzen dira. Izena emateko: https://forms.gle/nZnYgVjuqxGrZGhK6.

Gainera, Urtarrilaren 27an, Gospel Ispirit taldeak kontzertua eskainiko du Santa Maria Elizan, 19:00etan. Gonbidapenak Gizarte eta Kultur Etxean jaso beharko dira.

Urtarrilaren 3 eta 4an, 3 eta 5 urte bitarteko umeei zuzendutako ‘Musika tresnak’ tailerra antolatu du Udalak Bekoportalan. Egun bakoitzean bi saio egingo dira, 11:00etan eta 12:30ean eta izena ematea beharrezkoa izango da https://forms.gle/iCj6JTKUrG795gVWA webgunean (abenduaren 27tik aurrera).

Azkenik, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak zientzia-esperimentuen tailerrak antolatu ditu 6 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxoentzako abenduaren 27 eta 28an. Egun bakoitzean bi saio egingo dira, 16:00etatik 18:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Dagoeneko, plaza guztiak beteta daude.

22 / 12 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0