Albisteak

Albistea

Bermeoko Udaltzaingoak merkataritza establezimenduetan lapurretak saihesteko kanpaina abian jarri du

-Oinezko patruilen bitartez, udaltzainek herriko komertzioak bisitatuko dituzte aholkuak emateko eta informazio eskuliburuak banatzeko

-Liburuxka hauek, gainera, QR kode bat izango dute eta, hori irakurritakoan, inkesta txiki bat zabalduko zaie merkatariei, Udaltzainek eskaintzen duten zerbitzua hobetzeko lagunduko duena 

Bermeon, 2021eko abenduaren 13an.-  Gabon aurreko egunetan jende ugari ibiltzen da herriko dendetan. Hau dela eta, Bermeoko Udaltzaingoak herriko establezimenduetan lapurretak saihesteko kanpaina abian jarri du abenduaren 13tik urtarrilaren 8ra bitartean. Oinezko patruilen bitartez, udaltzainek Bermeoko merkataritza establezimenduak bisitatuko dituzte zuzeneko aholkuak emateko eta informazio eskuliburuak banatzeko.

Eskuliburu hauek, informazioa emateaz gain, QR kode bat izango dute. Kode hori irakurritakoan, merkatariei inkesta txiki bat zabalduko zaie. Galdetegi honek Udaltzaingoaren zerbitzua hobetzen laguntzea du helburu, merkatarien beharrak eta kezkak lehen eskutik ezagutu ahal izango dituztelako (inkesta beteta, informazio hori zuzenean jasoko du Udaltzaingoak, era anonimoan).

Bermeoko Udalaren helburu estrategikoetako bat da Udaltzaingoaren gertutasuna lantzea Bermeo seguruago bat lortzeko bidean. Horretarako, oinezkoen patruilak indartzea ezinbestekoa da eta baita arloz-arloko informazio eta sentsibilizazio kanpainak egitea ere. Izan ere, herritarrarengandik hurbilago egotea ezinbestekoa da Udalak zerbitzu hau behar bezala eskaintzeko.

“Gaur abian jarri dugun kanpainak, besteak beste, bi helburu ditu: herritarrekiko gertutasuna lantzea eta lapurretak ekiditea. Gure helburu estrategikoetako bat da polizia hurbil bat izatea eta kanpaina honi esker pausu bat gehiago eman ahal izango dugu. Galdetegiak merkatariek segurtasun arloan dituzten iritziak, proposamenak eta beharrizanak batzeko balioko duela uste dugu. Noski, oinezkoen patruilek ere informazio asko eskuratu ahal izango dute, merkatariei laguntza emateaz gain”, aipatu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Kale jendetsuenetan segurtasuna areagotzeaz gain, udaltzainek indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak betetzen direla bermatuko dute. Operatiboan uniformedun eta ‘kalez jantzitako’ agenteek parte hartuko dute, establezimenduak irekita dauden ordutegietan, eta merkataritza-guneetako segurtasun pribatuko zerbitzuekin eta Ertzaintzarekin koordinatuta eta etengabeko harremanetan egongo dira.

13 / 12 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0