Albisteak

Albistea

Kiroldegiko erabiltzaileek begi onez baloratu dute Kirol Patronatuak pandemia garaian egindako lana

-Bi inkesta burutu dira; alde batetik lurreko erabiltzaileen asetasun maila ezagutzeko, eta, bestetik, uretako erabiltzaileena.

-Areneko kiroldegiko erabiltzaileen gogobetetze maila ezagutzea izan da inkestaren helburua eta aldi berean beraien iradokizunak jaso dira

Bermeon, 2021eko uztailaren 01ean.- 2020ko Martxoaren 13an Areneko kiroldegiak bere ateak itxi zituen. Pandemia behin instalatuta udalerriak une latzak bizi izan zituen eta jasandako osasun egoerari egokitzeko, Patronatuak unean uneko erabakiak hartu behar izan zituen. Horrela, kiroldegiko ordutegiak eta edukierak, besteak beste, murrizketak jasan zituzten eta horrek erabiltzaileengan zuzeneko eragina izan zuen. Horren haritik Kirol Patronatuak, erabiltzaileen gogobetetze maila ezagutzeko inkesta burutu du lurreko zein uretako erabiltzaileen iritziak eta aldi berean iradokizunak jasotze aldera.

Besteak beste, garbitasunaz, segurtasunaz, bulego birtualaz, kirol-guneetan hartutako neurriez, seinaleztapen-sistemaz eta pandemia eta jarduera fisikoaren arteko erlazioari buruz galdetu zaie erabiltzaileei eta egin duten balorazio orokorra azpimarragarri ona izan da. Inkestan 204  galdeketa burutu dira, lurreko erabiltzaile, uretako erabiltzaile eta gune biak erabiltzen dituztenetan banatuta. Adin eta genero desberdinetako galdekatuek, pandemia garaian jarduera fisikoa egitearen garrantzia eta instalazioen garbitasuna nabarmendu dute orokorrean.

Horrez gain, begi onez ere baloratu dituzte kirol-guneetan hartutako neurriak, erabilitako seinaleztapen-sistema, sarrera-irteeren kontrola, izena emateko modua (erreserbak egiteko batez ere) eta bulego birtualaren erabilera. Erabiltzaile gazteenen (16 urtetik behera) gogobetetze maila izan da altuena uretako instalazioei dagokionez eta 60 urtetik gorako erabiltzaileak baloratu dituzte hobekien lurreko instalazioak. 16 eta 59 urte bitarteko erabiltzaileek bi guneak balioetsi dituzte modu egokian, batezbestekoaren gainetik beti ere. Ondorio gisa, kiroldegiko erabiltzaileek nahikotzat jo dute eta pozik gelditu dira Patronatuak pandemia garaian hartu dituen erabakiekin.

01 / 07 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0