Albisteak

Albistea

Akurio kontramaisuari eta lehen mundu biran parte hartu zuten bermeotarrei gorazarre 500. urteurrenean

-Bizkaiko Merkataritza-Itsasketako kapitainen Elkarteak sustatuta eta Bermeoko Udalaren laguntzaz, hainbat ekintza antolatu dira omenaldi ekitaldirako

-Mairin Mitchell-ek idatzitako “La Odisea de Acurio” eleberri historikoa berrargitaratu dute euskaraz eta gaztelaniaz, herrikideek kontramaisuaren balentria gogoratzeko

-Daniel Zulaika, Elkano 500 Fundazioaren aholkulariak Akuriori buruzko hitzaldi laburra eskaini du eta lur-globoa instalatu da Bokale inguruan

Bermeon, 2021eko ekainaren 18an.- 500 urte igaro dira lehen mundu bira itsasoz burutu zenetik. Jakina denez balentria horren protagonista Juan Sebastian Elkano itsasgizona izan zen, baina ez zuen itsasaldia bakarrik gauzatu, Getariako semearekin Bermeoko zazpi tripulatzaile izan ziren. Horietatik sei “Concepción” itsasontzian ontziratu ziren Elkanoren gidaritzapean. Bi herritarrek osatu zuten munduko lehen itzulia, Akurio kontramaisuak (Elkanorekin itsasoratu eta bueltatu zen Nao Victorian) eta Pedro de Chindarza txo-ak, hilabete batzuk geroago. 500 urte horiek gogoratzeko Bizkaiko Merkataritza-Itsaketako kapitainen Elkarteak, Bermeoko Udalaren laguntzaz, omenaldi ekitaldia antolatu du.

Arrantzaleen museoan burututako ekitaldiari Aritz Abaroa alkateak eman dio ongietorria eta hasiera, ondoren Francisco Javier Zarragoikoetxea Bizkaiko Merkataritza Itsasketako Kapitainen Elkarteko presidenteak, Mairin Mitchell-ek idatzitako “La Odisea de Acurio” eleberri historikoaren (euskaraz eta gaztelaniaz berrargitaratua) aurkezpena egin du. Halaber, omenaldiko parte-hartzaileak Bokale aldera jaitsi dira gizon ausart horiek burututako ibilbidea markatzen duen lur-globoaren instalazioa inauguratzeko.

Horrez gain, Daniel Zulaika Elkano 500 Fundazioaren aholkulariak Akuriori buruzko hitzaldi laburra eskaini du eta ekitaldiari Aitor Etxeberria Eusko jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendariak eman dio bukaera. Aritz Abaroa elkatearen esanetan, omenaldi honek bermeotarrok itsasoarekin dugun lotura estua eta gure nortasun abenturazalea gogoarazi nahi du, “Akurio kontramaisuaren eta harekin itsasoratu ziren herrikideen balentria nabarmentzea ezinbestekoa da. Gure sustraiak dira, gure iragana, gure historia eta hori ezin dugu alde batera utzi”.

18 / 06 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0