Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak basoak modu iraunkorrean kudeatzeko eta desertifikazioaren aurka borrokatzeko, garapen jasangarrirako helburuekin bat egin du

-Mendi publikoetan, bereziki udalaren jabetzakoetan, baso kudeaketa iraunkorrago baten alde egingo du eta eukaliptoen azalera murriztu, bertako baso anitzak sustatuz

-Herritarren artean basogintza iraunkorraren garrantziaren kontzientziazioa sortzeko ekintzak sustatuko dira

-Bizkaiko Foru Aldundiari helaraziko dio Bermeoko lurretan baso politika iraunkorragoa egiteko konpromisoa

Bermeon, 2021eko ekainaren 01ean.- Klima aldaketaren aurkako borroka guztion erronka da, guztioi eragiten digu nola edo hala eta horrek, konpromiso pertsonal zein kolektiboa eskatzen du. Berotze globala arduraz kudeatzeak onurak ekarriko dizkio ingurumenari eta gizarteari, ondorioz eta aspaldi hasitako bideari jarraituz, Udalak, (Udalsarea 21 ekimenean esku hartu zuen) garapen jasangarrirako helburuekin bat egin du, aho batez Osoko Bilkuran, basoak modu iraunkorrean kudeatzeko, desertifikazioaren aurka borrokatzeko, lurren degradazioa gelditzeko eta biodibertsitatearen galera alderantzikatzeko.

Horiek guztiak lortu aldera, Udalak, hainbat konpromiso hartuko ditu, besteak beste, mendi publikoetan, bereziki udalaren jabetzakoetan, baso kudeaketa iraunkorrago baten alde egingo du eta eukaliptoen azalera murriztu, bertako baso anitzak sustatuz. Herritarren artean ere basogintza iraunkorraren garrantziaren kontzientziazioa sortzeko ekintzak bultzatuko dira. Are gehiago, Udalak, Bermeoko lurretan baso politika iraunkorragoa egiteko konpromisoa eta lankidetzarako borondatea helaraziko dio Bizkaiko Foru Aldundiari.

Horrez gain, baso jabe pribatuei, baso kudeaketa iraunkorrago baterako informazioa eta aholkularitza eskainiko die eta beste administrazioekin (Eusko jaurlaritza, URA, Urdaibaiko Patronatua, Bizkaiko Foru Aldundia…) elkarlana sustatuko du. Eukaliptoen zabaltzeak Kezka sortu du, horrela, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, datozen hilabeteetarako, lehentasun gisa eukaliptoen landaketa mugatzea eta Bizkaiko basoetan espezie autoktonoen presentzia areagotzea ezarri ditu.

Bermeoko Udalak bide beretik jarraitu nahi du, gure mendietako eukaliptoen azalera murriztuz. “Gure basoetako espezie autoktonoak berreskuratzea ezinbestekoa da garapen jasangarri bat lortzeko, beste erakundeekin elkarlanean jardungo dugu gure basoak modu iraunkorrean kudeatu eta gure biodibertsitatea zaintzeko” azpimarratu du Aritz Abaroa alkateak.

31 / 05 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0