Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 2021. urterako 22.666.590,30 euroko aurrekontua onartu du

-Gaur goizean egin den Osoko Bilkuran, aurrekontuek EAJ-ren baiezko botoa, EH Bilduren abstentzioa eta Guzanen kontrako botoa jaso dute

-“Prudentziarekin egindako aurrekontua da, baina herriaren uneko beharrizanei erantzun egokia ematen diotenak”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak

Bermeon, 2021eko martxoaren 26an.- Gaur goizean egindako Osoko Bilkuran Bermeoko Udalak 2021. urterako aurrekontua onartu du EAJ-ren aldeko botoarekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Guzanen kontrako botoarekin. Aurrekontu honen oinarri nagusiak dira 2020ko irailean Udalak martxan jarritako prozesu parte hartzailean herritarrek adierazitako lehentasunak. Guztira, Udalak 22.666.590,30 euroko aurrekontu bateratua onartu du, 2020koa baino %1,81 txikiagoa.

Aurrekontu bateratuak hiru hanka ditu. Alde batetik, Udalaren aurrekontua bera (22.243.545,20 euro), bestetik, Bermeoko Kirol Patronatuarena (948.475 euro) eta, azkenik, Berualarena (584.532,38 euro). Kontutan hartu behar da Udalaren aurrekontuan kontutan hartzen direla Udalak Kirol Patronatuari (543.430,35 euro) eta Berualari (566.532,38 euro) euren aurrekontuetarako egiten dizkien ekarpenak.

Esan bezala, aurtengo aurrekontua iazkoa baino %1,81 txikiagoa izango da eta honek badu bere izateko arrazoia: “prudentziarekin egindako aurrekontuak dira”, argitu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Kontutan hartu behar da Udalaren diru-sarrerak gutxituko direla aurreikusten dela, bai diru sarrera propioei dagokienez eta baita beste erakundeek egiten dituzten ekarpenei dagokienez ere.

Alde batetik, diru sarrera propioak %15,7 gutxitzea aurreikusten da. Izan ere, 2019an eta 2020an bezala, tasa, zerga eta hobariak mantendu egingo dira eta COVID-19ak eragindako egoera dela eta hartutako neurriek ere bere horretan jarraituko dute (besteak beste, terrazen tasa eta sastarren tasa ez dira kobratuko 2021ean jarduerak itxita dirauten bitartean, eman gabeko zerbitzuei dagokien prezio eta tasak ez dira kobratuko…). Gainera, kanpotik datozen ekarpenak (Udalkutxa, besteak beste) %0,5 gutxitu egingo dira. “Bizi dugun ziurgabetasun egoera dela eta, eta izango ditugun diru sarrerak beheratuko direla kontutan hartuz, zuhurtziaz jokatu behar izan dugu”, azaldu du Abaroak.

Prozesu parte hartzailea:

2020ko irailean Bermeoko Udalak prozesu parte hartzailea abian jarri zuen eta, bertan, bermeotarrek euren lehentasunak adierazi zituzten. Bada, emaitza horiek 2021eko aurrekontuaren oinarria izan dira. Hauek dira identifikatu zituzten beharrizanak, herritarrek adierazitako lehentasunen arabera ordenatuta:

1)       Berraktibazio ekonomikoa

2)       Arlo soziala

3)       Garbitasuna

4)       Irisgarritasuna eta mugikortasuna

5)       Segurtasuna

6)       Aisialdia, kultura eta kirola

Bestalde, Udal Gobernuak 2019-2023 agintaldi planean 3 ardatz estrategiko definitu zituen: ‘Bermeotarren bizi kalitatea hobetu’, ‘Aberastasuna eta jarduera ekonomikoa sustatu’ eta ‘Itsas-nortasuna eta kudeaketa estilo propioa garatu’. Bermeotarrek identifikatutako 6 lehentasunak Udal Gobernuak zehaztutako 3 ardatz estrategikoetara ekarriz, 2021eko aurrekontua honela banatuko da:

-          Bermeotarren bizi kalitatea hobetzera aurrekontuaren %67,76a bideratuko da

-          Aberastasuna eta jarduera ekonomikoa sustatzera %11,05

-          Itsas-nortasuna eta kudeaketa estilo propioa garatzera %21,19

Aurrekontuan beherakada, gizarte politiketan, ordea, gorakada:

Nahiz eta aurrekontu orokorrean %1,8ko beherakada izan, hainbat esparrutan gorakada egon da. Besteak beste, hauetan:

-          Gizarte politiketan %3,35eko gorakada. Bermeoko Udalak kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatzeko (besteak beste, Zaharren Egoitza, Etxez-etxeko zerbitzua edo Eguneko zentroa) eta larrialdi egoeran dauden pertsonei laguntzeko medio gehiago bideratuko ditu 2021ean zehar.

-          Berraktibazio ekonomikorako %14ko igoera. ‘Nik, BermeON’ kanpaina (pandemiaren ondorioak herritarrengan gutxiengoak izatera, tokiko kontsumoa sustatzera eta txiki-erdi enpresen berraktibaziora zuzendutakoa) 2021ean zehar mantenduko da eta berau garatzeko hainbat ekintza martxan jarriko dira. Bestalde, merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko partida propioak aurreikusi dira, baita enpresen garapenerako, alde zaharra biziberritzeko eta ekintzailetza sustatzeko ere. Azkenik, Bermeoko bonuek izandako emaitza ona ikusita, aurten ere kanpaina horretarako partida gorde da.

-          Garbitasuna berezietarako %50eko igoera. Bermeoko Udalaren helburu estrategikoetako bat da Bermeo garbi bat izatea. Noski, pandemia egoeran helburu honek erabateko garrantzia hartzen du. Iaz martxan jarritako garbitasun indarketa guztiak mantenduko dira eta, gainera, garbiketa bereziak egiteko partida ere handituko da.

-          Inbertsioen ahalmena %50 beheratuko da. Noski, Udalak izango dituen diru-sarreren murrizketek eta bestelako zerbitzuak indartzeak inbertsioetarako ahalmena mugatuko dute. Hala ere, nahiz eta %50eko beherakada egon, Udalak, besteak beste, Txibitxiaga kalearen aldamenean dauden blokeetarako irisgarritasuna hobetzeko lanak eramango ditu aurrera. Lan hauetarako 169.000 euroko partida bideratuko da. Era berean, herriko mugikortasun-plana ere berrituko da.

“Aurkezten dugun aurrekontu honek, gure ustez, egungo egoerari erantzuna ematen dio. Eta hori da udal aurrekontu baten zeregina: uneko beharrei aurre egitea. Zuhurtziaz jokatu behar izan dugu, baina uste dugu aurrekontu egoki bezain sozialak onartu ditugula. Gainera, udalean ordezkaritza duten taldeei eskerrak eman nahiko nizkieke aurrekontuari egindako ekarpenengatik. Uste dut erantzukizunez jokatu dugula”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

26 / 03 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0