Albisteak

Albistea

’Martillo’ moilako aisialdirako gunea bihar itxiko da

  • Gunea zabalduko den azken eguna irailaren 17a izango da
  • Bermeoko alkate Aritz Abaroak gunearen lehenbiziko urtearen balorazio “oso positiboa” egiten du
  • Aldi berean, gogorarazten da, itxierarekin batera, bertan bainatzea debekatuta egongo dela

 

Bermeon, 2020ko irailaren  16an.- Bermeoko Udalak ‘Martillo’ moilan aisialdirako gunea zabaldu zuen uztaila hasieran, urteetako herritar askoren demanda bati erantzuna emanez. Bada, uda garaia pasata, bihar itxiko da hiru hilabeteetan zehar irekita egon den gune berri hau. Bermeoko alkate Aritz Abaroak lehenbiziko urtearen balorazio “oso positiboa” egiten du eta datorren urtean, guneak izan duen harrera ona ikusirik, arazo berezirik ezean, berriz zabaltzeko asmoa dagoela adierazi du. Eremu honetan bainatzea Udalak Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendaritzarekin sinatutako hitzarmenari esker izan da posible.

 

Guztira, lehorreko eremurako 680m2 mugatu dira uda honetan. Uretan, ordea, bainu eremurako 2.377 m2 gorde dira bertan igeri edo jolasteko eta gunea baliza bidez markatu da. Gainera, bainu guneak Gurutze Gorriko sorosleak izan ditu eguerdiko 12etatik arratsaldeko 7etara eta pantalanean, erabiltzailea modu seguru eta errazean uretara sartu eta ateratzeko, eskailera bat ere jarri da.

 

“Oso pozik gaude aisialdirako gune berriak izan duen harrerarekin eta, oro har, herritarrek egin duten erabilerarekin. Bermeotarrok bainurako beste aukera bat izan dugu aurten. Gainera, aurtengo uda COVID-19ak gogor markatu du eta herrian bainatzeko toki ezberdinak izateak asko lagundu du”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. “Erabiltzaileek ekarpen asko egin dizkigute uda honetan zehar eta gure helburua herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzen joatea izanik, horiek kontutan izango ditugu datorren urteari begira, noski” bukatu du alkateak.

 

Aisialdirako gunea bihar itxiko da eta, ondorioz, ostiraletik aurrera bainua, portu guztian bezala, debekatuta egongo da gune horretan ere.

 

17 / 09 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0