Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 100.000 eurorekin lagunduko die herriko merkataritzari, ostalaritzari eta beste zerbitzu batzuei, alarma egoeraren ondorioak arintzeko

-Laguntzetarako lerro hori, udalerriko ekonomia suspertzeko helburuarekin Bermeoko Udala “Nik, BermeON” kanpainaren barruan gauzatzen ari den ekintzen artean dago

-Laguntzak, BAOn eta Udaleko webgunean (https://url2.cl/9gFxL) argitaratutako oinarrietan ezarritako eskakizun guztiak biltzen dituzten eskabideei emango zaizkie

-Eskabideak Udaletxeko erregistro orokorrean sartzen diren hurrenkeran ebatziko dira 

Bermeon, 2020ko abuztuaren 13an.- Bermeoko Udalak euren kontura lan egiten duten langileei edo autonomoei premiazko laguntzak zuzenean emateko deialdiaren oinarriak onartu ditu, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma egoeraren ondorioz, txikizkako merkataritzaren arloan, jendeari irekitako lokaletan emandako zerbitzuetan eta ostalaritzan egiten zituzten jarduerak eten behar izan bazituzten. Udalak 100.000 bideratuko ditu guztira laguntza horiek ematera.

Laguntzetarako lerro hori, udalerriko ekonomia suspertzeko helburuarekin Bermeoko Udala “Nik, BermeON” kanpainaren barruan gauzatzen ari den ekintzen artean dago. Kanpainaren helburua COVID-19ak eragindako krisiaren ondoren udalerriko ekonomia suspertzea da. Zuzeneko laguntzetan emandako 100.000 euro horien bitartez, udalerriko saltokien, zerbitzuen eta ostalaritzaren egonkortasun ekonomikoari eusten lagundu gura da, aldi baterako itxiera-aldia amaitu ondoren, merkataritzako jarduerari berriro ekitea eta luzaroan eustea lortzeko.

Laguntza horiek emateko prozedura norgehiagokakoa izango da. Laguntzak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean (https://url2.cl/9gFxL) argitaratutako oinarrietan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten eskaerei emango zaizkie. Eskabideak udaletxeko erregistro orokorrean sartzen diren hurrenkeran ebatziko dira, oinarrietan eskatzen den dokumentazioa eransten bada. Enpresa bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du establezimendu bakoitzeko.

Hauek hartuko dira laguntza honen xede diren jardueratzat: langile Autonomoen Erregimen Bereziko edo derrigorrezko Mutualitate profesionaletako kuotak; enplegu-emaileak 2020ko martxoaren 14ko datarekin bere langileei ordaindu dizkien gastuak; negoziorako lokalen errentamendu, hornidura, makinen eta instalazioen mantentze-lan… gastuak; ekipamendu informatikoa, teknologikoa eta Teknologia berriekin erlazionatutako prestakuntza; telelanarekin, kontziliazioarekin… erlazionatutako desinfekzio-lanetarako, aholkularitzarako edo soluzioak garatzeko, definitzeko eta ezartzeko kanpoko laguntza aditua; jardueraren aseguru-primei dagozkien gastuak; jardueren hornitzaileentzako ordainketa mugaeguneratuak.

Laguntzen onuradun izateko bete beharko diren baldintza nagusien artean, hauek daude: COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoeraren ondorioz txikizkako merkataritzan, zerbitzuen sektorean edo ostalaritzan gauzatzen den jarduera  establezimendua derrigorrez itxi behar izatea eta 10 langile baino gutxiago edukitzea.

17 / 08 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0