Albisteak

Albistea

Jabetzaren kontrako delituak nabarmen jaitsi dira Bermeon azken hilabeteetan

Gainera, Bermeoko Udaltzaingoak herritarrengandik hurbilago egoteko eta bermeotarren segurtasuna bermatzeko hainbat ekintza prebentibo jarri ditu martxan

Bermeoko udaltzainburu Aritz Floresek gogorarazi du “Covid-19ak sortutako arau berrien kontrola” ez dela gelditu

Bermeon, 2020ko ekainaren 4an.- Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, azkeneko hilabeteetan nabarmen jaitsi dira jabetzaren kontrako delituak. “Lapurretak oso gutxi izan dira itxiera egoerak iraun duen bitartean. Gure helburua da bide beretik jarraitzea eta hainbat ekintza eramango ditugu datozen hilabeteetan helburu hori lortzeko”, adierazi du Bermeoko Udaltzainburu Aritz Floresek.

Jabetzaren kontrako delituek maila ahalik eta apalenean jarraitzeko, herritarrengandik hurbilago egoteko eta bermeotarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko, hainbat ekintza prebentibo jarri ditu martxan Bermeoko Udaltzaingoak:

-Oinezko patruilak: Bermeoko Udaltzaingoak oinezko patruilak areagotu ditu herrian zehar

-Baserri auzoetan patruilak: baserri auzoetan patruilak areagotzeaz gain, bidean topatzen dituzten auzotarrekin elkarrizketa laburrak izaten dituzte udaltzainek. Elkarrizketa hauetan gomendio batzuk eman eta zeozer susmagarria ikusi duten edo ez galdetzen zaie. Baiezkoa izatekotan, informazioa batzen da ikerketa hasteko. “Baserri auzoetan asko eskertu dute gure laguntza eta presentzia. Segurtasuna ematen diegula jakinarazi digute”, aipatu du Aritz Flores udaltzainburuak.

-Trafiko kontrol prebentiboak: Ertzaintzarekin koordinatuta, herrian zehar trafiko kontrolak egiten dira. Hauetan, ibilgailuen egoera administratiboa (segurua, itv-a..) eta COVID-19-ak sortutako arau berriak betetzen direla kontrolatzeaz gain, herritik igaro edota herrira sartzen diren ibilgailu susmagarriak identifikatzen dira. Identifikatutako ibilgailu susmagarriei jarraipena egiten zaie.

“Hiru ekintza hauetatik jasotzen den informazio guztia Ertzaintzarekin partekatzen dugu, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko ikerketak aurrera eramateko. Aipatutako ekintza guztiak gau eta egun egiten ditugu, 24 orduz. Norbaitek susmagarria izan daitekeen zerbait ikustekotan guri deitzeko eskatzen dugu”, gehitu du Aritz Floresek.

Bukatzeko, Bermeoko udaltzainburuak gogorarazi du: “COVID-19ak sortutako arau berrien kontrola ez da gelditu. Izan ere, pasa den astean herriko bainu-gune ezberdinetan (Aritzatxuko hondartza, Arribolas, Talape...) kontrola handitu da, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko.

04 / 06 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0