Albisteak

Albistea

Bermeok 25 haritz landatu ditu 2019ko Arrain Azokak ingurumenean izandako inpaktua konpentsatzeko

Iniziatiba hau ekitaldi jasangarriak bultzatzea helburu duen ‘Erronka Garbia’ ekimenaren barruan sartzen da
 
Bermeon, 2020ko otsailaren 28an.- Bermeok, 2019ko Arrain Azokak ingurumenean izandako inpaktua konpentsatzeko, 25 haritz landatu ditu gaur goizean Arranotegi auzoko Longane baserriaren inguruan. Iniziatiba hau ‘Erronka Garbia’ ekimenaren barruan sartzen da. Ekimen honek ekitaldi handiek ingurumenean eragin ditzaketen inpaktu negatiboak minimizatzea du helburu. Arrain Azokako kideek eta Bermeoko alkate Aritz Abaroak landatu dituzte zuhaitzak.

XXV. Arrain Azokaren inpaktua baxua izan zela uste da. Bertan sortu zen karbono aztarna 25 haritzen landaketarekin konpentsatu daitekeela uste da eta horregatik erabaki da ‘Quercus robus’ espeziea erabiltzea. Espezie honek, 25 urteren buruan, karbono kantitate hori xurgatu dezake arazorik gabe.

2019an egindako Arrain Azoka ‘Erronka Garbia’ ekitaldi jasangarrien iniziatibara batu nahi izan da. Honela, ekitaldi jendetsu honi lotutako ingurumen-inpaktu negatiboak murrizteaz gain, gainontzeko instituzio, entitate, enpresa eta publiko orokorrarentzat bultzatzaile bezala jokatu nahi izan du Arrain Azokak, hauen eguneroko ekintzetan jasangarritasun irizpideak barneratzea sustatuz.

2019ko Arrain Azokan parte hartu zuten agenteek ingurumen-inpaktu potentzialak identifikatu, hauek murrizteko neurriak diseinatu eta, azkenik, ekitaldi osoaren inpaktua kalkulatu dute, ‘Erronka Garbia’ metodologia erabiliz.

‘Erronka Garbia’ ziurtagiria

‘Erronka Garbia’ ziurtagiria Ihobe Ingurumen Kudeaketa Sozietate Publikoak ematen du, eta ekitaldi jendetsuek ingurumenean eragin ditzaketen inpaktu negatiboak minimizatzeko helburuarekin diseinuan eta antolakuntzan ingurumen-neurriak txertatzen dituzten ekitaldiak aitortzen ditu.

Ekimena barneratzen duten Arrain Azoka bezalako ekitaldiek hainbat jasangarritasun neurri ezartzen dituzte sei jokabide ardatz hauetan: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak.

28 / 02 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0