Albisteak

Albistea

Bermeon domekan egingo da Erregeen desfilea

Tradizioari jarraituz, Erregeak Bermeoko portura itsasontziz etorriko dira

Desfilea BUDEK elkarteak eta Bermeoko Udalak antolatu dute

Bermeon, 2020ko urtarrilaren 3an.- Tradizioari jarraituz, aurten ere, ekialdeko hiru Errege Magoak Bermeora itsasontziz etorriko dira urtarrilaren 5ean. Lehorreratzea Bermeoko portuan egingo dute domeka honetan, Artza frontoiaren aurrean, 18:00etan. Erregeen desfilean 100 pertsonatik gora parte hartuko dute.

Lehorreratu ondoren, BUDEK elkarteak prestatutako karroza ikusgarrietan, hiru Erregeak kalerik kale ibiliko dira herritarrak agurtzeko.

Ibilbidea honako hau izango da: portua, Lamera (kanpotik), Askatasun bidea, Erreñe Zubi, Ondarraburu, Artieda tar Iñigo, Esparru, Bizkaiko Jaurerria, Arresi, Irakaskintza, Doniene, Goiko plaza, Arostegi, Lamera (barrutik) eta liburutegia. Desfilea amaitzean eta 21:00ak arte, udal liburutegian umeek euren azken eskariak egin eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Euria bada ibilbidea aldatu ahal izango da.

Segurtasuna bermatzeko, gozokiak batzean karrozetara ez hurbiltzeko eskatzen zaie herritarrei; eta, abereak egongo direnez, kontuz ibiltzea ere eskatzen da. Ildo honetan, Udaltzaingoa, eta talde antolatzaileen oharrei kasu egiteko eskatzen da. Trafikoari dagokionez, desfilea egiten ari den bitartean, ibilbideko kaleak itxita egongo direla gogorarazten du udalak. Horrez gain, Erreñezubi kaleko sarreran hainbat aparkaleku eta Artza frontoiko aparkalekuak kenduko dira, Erregeen desfilea ez oztopatzeko eta arazo barik gune horretatik pasa ahal izateko.

Erregeen desfilea BUDEK elkarteak eta Bermeoko Udalak antolatzen dute; Udaltzaingoa, Herri Babesa, Gurutze Gorria, Itsas Salbamendua, Izaro Bikers, Bermeotarrak fanfarrea, Udalaren Musika Eskola, Umeen danborrada eta herriko andrazkoen laguntzarekin.

03 / 01 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0