Albisteak

Albistea

Bermeo ‘Suteei Aurrea Hartzeko Astea’ antolatzen ari da egun hauetan

Ekimena, Udalak suteen prebentziorako aurrera daraman estrategia orokorraren barruan sartzen da

Bermeon, 2019ko irailaren 23an.- Bermeo ‘Suteei Aurrea Hartzeko Astea’ antolatzen ari da egun hauetan. Udalaren helburu nagusietakoa da herritarrak gai garrantzitsu honen gainean sentsibilizatzea eta kontzientziatzea eta, hau dela eta, Mapfre Fundazioak eta Asociación Profesional de Técnicos de Bomberos (APTB) elkarteak, Estatuko hainbat administraziotako Su-itzalketa eta Suteen Prebentzio Zerbitzuekin eta Bermeoko Herri Babesarekin elkarlanean antolatu duten ekimena kostaldeko herrira ekartzea erabaki du. Herritarren artean auto-babesari buruzko ezagutzak zabaltzeko helburua duen proiektua Bizkaiko udalerrira etorriko den lehen aldia izango da.

Bermeok hainbat sute jasan ditu azken hamarkadan, eta hori oso barruan geratu da sartuta bermeotarren oroimenean. Gai horren gainean oso sentsibilizatuta dagoen Udalak, herritarrak kontzientziatzeko, informatzeko eta laguntzeko estrategia du definituta, eta hainbat egitasmoren bitartez eramaten du aurrera urtean zehar. Eta hor sartzen da, hain zuzen ere, Mapfre Fundazioak eta Asociación Profesional de Técnicos de Bomberos (APTB) elkarteak, Estatuko hainbat administraziotako Su-itzalketa eta Suteen Prebentzio Zerbitzuekin eta Bermeoko Herri Babesarekin elkarlanean antolatutako ‘Suteei Aurrea Hartzeko Astea’.

Astean zehar hainbat jarduera antolatuko dira: gazteenei zuzendutako hitzaldiak, topaketak herritarren elkarteekin eta plataformekin, larrialdi egoera baten aurrean erreakzionatzen ikasteko simulakroak… Ikastetxeak eta ikastolak izango dira ekimenaren hartzaile garrantzitsuenetakoak, izan ere, suteen prebentziorako tailerren bitartez, txikienek prebentzioarekin erlazionatutako ohiturak hartzea bilatzen da, euren familia ingurunearen hezitzaile bilaka daitezen. Hitzaldiak, APTB elkarteko kide diren Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek eta Bermeoko Herri Babeseko kideek emango dituzte.

Asteari amaiera emateko, hainbat jarduera antolatuko dira Bermeoko Goiko Plazan barikuan, irailaren 27an, eta zapatuan, 28an. Bertan, Mapfre Fundazioak karpa bat instalatuko du eta suhiltzaileek eta Bermeoko Herri Babeseko kideek auto-babeserako hainbat ezagutza zabalduko dituzte. Karparen barruan, sute simulakroa jasoko duen zirkuitua egongo da, partaideek larrialdi egoera baten aurrean zelan erreakzionatu ikas dezaten. Horrez gain, lehen laguntzetako tailer bat ere egongo da, beste gauza batzuen artean Bihotz-Birikietako Bizkortzea (BBB-RCP) praktikatzeko, suhiltzaileen materiala herritarrek zuzenean jakin dezaten zelan egiten duten lan (kamioiak, mahukak, kaskoak…), jardunaldien oroimen polita gordetzeko photocall bat…

Karpak barikuan zabalduko dizkie ateak ekimenean izena eman eta astean zehar prestakuntza jaso duten ikastetxe eta elkarteei eta, zapatuan, parte hartu gura duen edozein herritarrek dohain hartu ahal izango du parte.

23 / 09 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0