Albisteak

Albistea

Sorgin dantza, antzerkia, kontzertuak, kantak, sua, 14 atsoak, kalejirak eta Gaztelugatxeko Doniene Bermeoko San Juan jaietako protagonistak

Gaztelugatxeko San Juan eta, San Juan jaien bidez, Bermeorekin duen lotura erakusten duen bideoa egin du Bermeoko Udalak

Urtero bezala Bermeoko San Juan jaiak ospatuko dira ekainaren 23an eta 24an, domekan eta astelehenean, eta sorgin dantza, antzerkia, kalejirak, kontzertua, kantak, sua, 14 atsoak eta Gaztelugatxeko Doniene izango dira, besteak beste, San Juan jaietako protagonistak, herrian giro ezin hobea sortuz eta antzinatik datorkigun ohiturak ospatuz. Horrez gain, Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juan eta, San Juan jaien bidez, Bermeorekin eta bermeotarren ohitura eta tradizioekin duen lotura ezagutarazteko bideoa egin du.

Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Aritz Abaroak, Bermeoko alkateak, eta San Juan jaiak antolatzen dituzten talde batzuetako ordezkariek, hala nola, Kankinkabara txistu taldeko Iñaki Imatzek; Meltxora de la Concepción irrintzilariak; ‘Bus elektrikue’ antzerki taldeko Arantza Gotxik eta Agor Guenak eta Erroxape Emakumeen taldeko Loreto Contrerasek.

Abaroak adierazi duenez, urtero bezala hamalau atsoak Goiko plazan egongo dira tronpetak joten, baina aurten, berriro ere, tradizioa den moduan, 14 atsoak Bermeoko Udaletxean eskegiko dira, izan ere, 2013ko sutearen ondorioz, azken urteetan Udaletxea ezin izan da erabili eta alboko erakinean eskegi dira.

Aurten, bigarren urtez, Bermeotarrak fanfarreak, Busturialdeko gaiteroekin eta Bermeoko erraldoien konpartsarekin batera, ekainaren 23an, domekan, San Juan bezperako kalejira berezia egingo du, Alde Zaharrean, Lameran eta Portuan. Hitzordua 12:30ean izango da Bermeoko Goiko plazan.

Aurtengo San Juan bezperan hainbat berrikuntza izango ditugula azpimarratu du alkateak. Ildo horretan, 20:00etan Perre kontzertu instrumentala entzuteko aukera izango dugu Kabidxen eta ordu berdinean kanta poteoa hasiko da Bermeoko Musika eskolan San Juan kantak abesteko Kankinkabara txistu taldearekin batera. San Juan abestiak www.bermeo.eus webgunean eskegiko dira egun batzuk lehenago jendeak ikusteko.

“Ez bota plastikorik”

Era berean, Kabidxen San Juan erramuak eta pergaminoak batzeko aukera izango dugu eta azken horietan aldatu edota ahaztu dugu guztia idatzi ahal izango dugu sutera botatzeko. Ildo horretan, sutea egingo den eremuan lona batzuk jarriko dira mezu argi batekin: Ez bota plastikorik. Lona horietan, ohitura den moduan, herritarrei euren mezuak sutera paperean botatzera animatzen zaie “urteko gauza txarrak erretzeko eta zorte ona erakartzeko”, baina plastikorik ez botatzeko eskatzen zaie; arriskutsua eta kutsakorra delako.

Horrez gain, mezu honekin bandoak jarriko dira herrian zehar; izan ere, Abaroaren esanetan, “ezinbestekoa da guztion artean gure ingurumena zaintzea eta edozein arrisku saihestea”. “Hortaz, mezuak bai, baina plastikorik ez sutera”, adierazi du.

San Juan bezpera gaua ospatzeko ekitaldia 21:30ean hasiko da Goiko plazan eta aurten sutearen ingurua beste era batera egokituko da ekitaldia hobeto ikusi ahal izateko. Horrela, Ttakuntxo txalaparta taldearen, Kankinkabara txistu taldearen, Bermeoko irrintzilarien eta Erroxape abesbatzaren abesti eta soinuekin gozatzeko aukera izango dugu eta, gainera, aurten, Bus Elektrikue antzerki taldeak ere ikuskizun horretan parte hartuko du.

Ondoren, Alkartasuna Dantza Taldearen sorgin dantza ikusi ahal izango dugu eta, jarraian, San Juan sua piztuko da. Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuak hainbat gomendio eman ditu San Juan gauarekin gozatzeko. Suaren ostean, cremat dastatzeko aukera izango da Kabidxen.

Gaztelugatxeko San Juan

Ekainaren 24an, astelehenean, San Juan egunean, mezak ospatuko dira Gaztelugatxeko San Juanen, San Juaneko batzordeak antolatuta. Mezak goizaldeko 6:30ean hasiko dira eta orduro izango dira eguerdiko 13:30ak arte. Aurten, San Juan Egunean Sollube 707 Mendizale elkarteak antolatutako Bermeotik Gaztelugatxerainoko ibilbidea bertan behera gelditu da.

Bermeotik Gaztelugatxerako Bizkaibusen autobusak (Bermeo-Bakio A-3517) orduro izango dira, 07:40 eta 20:40 bitartean. Bakiotik Bermeora 06:45 - 20:45 bitartean izango dira, ordurik behin baita ere.

Aritz Abaroak eta taldeetako ordezkariek pertsona guztiak gonbidatu dituzte San Juan jaiak ospatzeko antolatutako ekintzetan parte hartzera, gure ohiturak gogoratuz egun politak igarotzeko aukera izango baitugu.

Gaztelugatxeko San Juaneko bideoa

Gaztelugatxeko San Juan eta, San Juan jaien bidez, Bermeo eta bermeotarrekin duen lotura azpimarratzen duen bideoa egin du Bermeoko Udalak eta horretan Gaztelugatxeko San Juan “bermeotarrontzako gune oso berezia” dela aldarrikatzen da. “Gaztelugatxeko San Juan bere ingurumen balio izugarria eta Bermeorekin, gure historia eta istorioekin, gure tradizio eta ohiturekin, eta, zelan ez, urtero ospatzen ditugun San Juan jaiekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskaini dizkie inguruko zein kanpotik etorri diren bisitariei”.

Hori lortzeko, atzerrian bizi diren lau neska bermeotarren istorioa kontatzen da. Lau neska horiek San Juan jaiak ospatzeko Bermeon batzen dira, eta euren bidez sorgin dantzak, suteak, Gaztelugatxeko San Juanen eskaileren igoera, mezak eta bestelako ohiturak eta tradizioak ikusiko ditugu bideo “hunkigarri” honetan. “Bideo hori herritar zein kanpoko pertsonentzat oso interesgarria eta erakargarria izango dela uste dugu”, adierazi du Bermeoko alkateak. Bideoa www.bermeobizi.eus Bermeoko Udalaren turismo webgunean ikusi ahal izango da bihartik aurrera.

20 / 06 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0