Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Euskaraldiarekiko konpromisoa agertu du

 

Bermeoko Udalak, udal korporazioak eta langileek, gaur Bermeoko Euskaraldiaren aldeko konpromisoa agertu dute Bermeoko udaletxe aurrean. Bertan Euskaraldiaren aldeko argazkia atera dute. “Udalak erakunde moduan, eta udala osatzen dugunok ere, protagonista izan gura dugu ekimen honetan”, azpimarratu dute Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Nere Mintegik eta Leire Bilbaok, udaleko langileek. 

Azaldu dutenez, euskararen normalizazioan ere “eragile garrantzitsua” da udala herri mailan. Euren esanetan, horren erakusgarri da 100 langile baino gehiago eta udal korporazioko kide guztiak izena emanda daudela Euskaraldiaren ariketa sozialean parte hartzeko. 

“Gehienak Ahobizi izango dira, eta euskararen alde egotetik, gehiago egitea izango da udalaren jausia; gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta gure arteko komunikazioetan eta herritarrekiko komunikazioetan euskara gehiago egitea”, gaineratu dute. 

Ildo horretan, azaldu dutenez, Bermeoko Udalak “babesa eta borondatea erakutsi du beti euskararen normalizazioaren alde” eta “Euskaraldiaren olatuan murgildu eta erabileraren aldeko beste jausi bat gehiago egiteko prest gaude udaleko langileak eta arduradunak”, azpimarratu dute. 

Euren esanetan, “Bermeo herri euskalduna izan da eta herri euskalduna izaten jarraitzea nahi dugu”. Horretarako, adierazi dutenez, “denon ekarpena beharrezkoa izango da; norbanako, erakunde, elkarte, enpresa… Jadanik ia 2.000 herritarrek Euskaraldian parte hartzeko izena eman dute eta herritar guztiak ahobizi edo belarriprest izatera animatu nahi ditugu”. 

“Aurreiritziak alde batera utzi, euskarari balioa eman, erabaki irmoa hartu, eta euskaraz egin ahal duguna euskaraz egin…Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera egiteak, erosotasuna, babesa eta laguntza dakartza. Modu horretan denok irabaziko dugu, euskarak ere bai”, nabarmendu dute. 

Argazkiaz gain, Euskaraldiarekin lotuta, udalaren eta herriaren jarrera aktiboa, udala, zein herritarrak erakusten ari diren euskararekiko atxikimendua eta euskararen aldeko ohituretan eragiteko nahia adierazteko bideoa aurkeztuko du gaur udalak, Barry Manleyren bakarrizketa ekitaldian.

 

 

 

 

 

 

 

<u> </u>

 

 

 

09 / 11 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0