Albisteak

Albistea

'The Sey sisters' taldeak gospel kontzertua eskainiko du abenduaren 21ean, eguenean, Bermeoko Kafe Antzokian

 

The Sey Sisters talde adierazgarriak Gospel kontzertua eskainiko du abenduaren 21ean, eguenean, iluntzeko 20:00etan Bermeoko Kafe Antzokian. Edna, Yolanda eta Kathy Sey ahizpak osatzen dute The Sey Sisters taldea, gaur egungo talderik ospetsuenetariko bat eta nazioarte mailan ezaguna, hain zuzen ere.

Hirukote honen abestiak emozioz beteta daude eta horietan injustizien kontra agertzen dira, giza eskubideak defendatzen dituzte eta etorkizunera begira itxaropena azaltzen dute.

Gospel arima eta afrikar espiritua uztartuz, hiru ahizpek euren izugarrizko ahotsak mundu guztian zehar zabaltzen dituzte, euren erritmo eta energia kutsakorrak, musika eta talentuarekin eta benetako pasioarekin konbinatuz. Eurekin batera eszenatokian Albert Bartolomé piano-jole eta saxo-jolea dute.

Jaialdi garrantzitsuetatik igaro ondoren, The Sey Sisters-ek bere azken lana aurkeztu du: ‘Let freedom ring’. ‘Let freedom ring’ Martin Luther King-en 1963. urteko ‘I have a dream’ hitzaldi famatuko parte bat da, eta, horrela, esklaboen borroka eta  afroamerikar herriak bere eskubide zibilak defendatzeko egin zuen borroka gogoratzeko omenaldi txiki bat egiten dute. Azken finean, askatasunari abesten dio The Sey Sisters.

Sarrerak 8 euro dira eta jadanik salgai daude Kultur etxean, Kutxabank-eko orotarako kutxazainetan eta kutxabank.es web gunean. 29 urtetik beherako gazteek, 65 urtetik gorako helduek, langabetuek eta elbarrituek %25eko deskontua dute leihatilan.

 “Kalitatezko kontzertua izango da eta Gospel musikarekin gozatzeko aukera eskainiko digu. Horregatik, interesa duten pertsona guztiak animatzen ditugu Gospel kontzertura”, azpimarratu du Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak. 

15 / 12 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0