Albisteak

Albistea

Euskaraldirako motorrak berotzen: Kike Amonarrizen hitzaldia abenduaren 14an, eguenean, Nestor Basterretxea aretoan

 

 

 

Euskal Herri osoan abiatuko den Euskaraldia Bermeon ere martxan jarriko da, eta motorrak berotzen hasteko lehenengo ekitaldia Kike Amonarrizen  ‘Bermeo euskalduna gura duzu? Egingo dugu?’ hitzaldia izango da abenduaren 14an, eguenean, Nestor Basterretxea aretoan arratsaldeko 19:00etan.

Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera duten pertsonak aktibatu eta hizkuntza-ohitura aldatzeko saiakera pertsonala eta kolektiboa da Euskaraldia. Herritarrek eta erakundeek batera landuko dute eta, eguneroko bizitzan, inertziak aldatzea bilatzen da.

“Tokian tokiko euskaltzaleen sareak aktibatzea eta indartzea bilatzen du Euskaraldiak”, adierazi du gaur Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, programa horren aurkezpenean.

Berarekin batera egon dira Juan Karlos Agirre eta Maite Alvarez, Euskara zinegotzia eta teknikaria, hurrenez hurren; udal talde politiko guztietako ordezkariak (Benito Ibarrolaza, Idoia Platas, Xabier Ortuzar eta Sergio Ugalde); Jon Patxi Gutierrez, San Andreseko auzo alkatea; Xabier Casado eta Olaia Zabalondo kazetariak; Esti Aranburu eta Juanje Uriarte tabernariak; Xabi Ojinaga eta Asier Renteria musikariak; Gaizka San Pedro Alkartasuna Dantza taldeko kidea; Arrate Egaña idazlea; Ramon Garaizar LABeko ordezkaria; Jabi Astui Edur fabrikako langilea; Josu Aiestaran udal langilea; Bego Laga irakaslea eta Miren K.Unzueta, Hizkuntza Eskolako zuzendaria.

Izan ere, Bermeon 66 lagunek bat egiten dute Euskaraldiarekin eta herritarrei horren barne antolatuko diren ekimenetan parte hartzera deitzen die. 66 lagun horiek arlo ezberdinetako herriko gizarte eragile euskaldunak dira: erakundeetako ordezkariak, udal talde guztietako ordezkari politikoak, auzo alkateak, dendariak, tabernariak, kazetariak, kirolariak, musikariak, kultur eragileak, udal langileak, sindikatuak, sendagileak, hezitzaileak…

Bertaratu direnek azaldu dutenez, Euskaraldiak honako helburu zehatzak ditu: hizkuntza ohituretan eragin eta gaztelaniaren aldeko inertziari aurre egitea, erakundeak, eragileak eta interesa duten norbanakoak elkarlanean aritzea, euskaldunek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea, entitateek euskaraz aritzeko neurriak har ditzaten sustatzea eta 11 egunetan hiztunen artean sortutako dinamikak ekimenaren ostean mantentzea. Horretarako, talde motor bat sortuko da eta lantalde horrek urte osoan lan egingo du.

“Bermeo euskaraz bizi eta arnasa hartzen duen herria izaten jarraitzeko, bihotzetik ahora ekarri gura dugu euskara, ahoak bizi-bizi jarri eta belarriak prest erantzuteko”, nabarmendu dute.

11 egun euskaraz datorren urteko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte izango dugun erronka da, erabaki eta egin. Data hori heldu orduko, hainbat komunikazio-ekintza eta prestakuntza saio egingo dira, giroa berotzeko, ahal denik eta herritar gehienek parte hartzeko aukera izan dezaten. “Bermeon ahobizi eta belarriprest ugari batzeko lan aktiboa egingo dugu”, azpimarratu dute

Juan Karlos Agirrek gogoratu duenez, Lehenengo ekimena Kike Amonarrizek eskainiko duen ‘Bermeo euskalduna gura duzu? Egingo dugu?’ hitzaldia izango da abenduaren 14an, eguenean, Nestor Basterretxea aretoan arratsaldeko 19:00etan.

“Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu hitzaldi honetara; benetan interesgarria izango delako eta Bermeo euskalduna izaten jarraitzeko guztion inplikazioa beharrezkoa delako”, nabarmendu du.

 

 

04 / 12 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0