Herria

Historia (11/13)

XIX. mendearen hasieran, gerra giroa nagusitu zen berriz. Ordukoa, Napoleonen inbasioen garaia da. Frantsesen agintaritzaren aurrean jarrera desberdinak izan ziren; herrietako aberatsak frantsesen alde azaldu ziren nagusiki; Eliza eta maila ertainetakoak, haien aurka. Aipagarria da, frantsesen aurkako gerrarako soldadutzara deituak izan zirenean, Bermeo inguruko gazteek protesta egin zutela eta udaletxea bortizki hartu zutela.

1809ko otsailaren 27an, Bermeoko Udalak fideltasun zina egin zion Jose I.ari. Hurrengo urtean, foruen sistema ezereztatu egin zen. 1812an, ingeles eskuadra batek herria bonbardatu eta kalte handiak eragin zituen S. Frantzisko komentuan. 1813ko abenduan amaitu zen gerra. Gerrak sortutako kalteek eta armadak hornitzeak eragindako gastuak gelditu zitzaizkion herriari. Zorra, hondamendia eta gosea jasan zuen herriak.

Baina ez ziren XIX. mendeko gerrak amaitu. Artean ikustekoak ziren mendea amaitu aurretik, karlistaldien gerra-toki nagusi bihurtu baitzen Euskal Herria. Egia esan, Bermeo, Bizkaiko geografiaren mutur batean egonik, gerretatik nahiko aparte geratu zen.

1833an, Bermeoko Udalak, Fernando Zabala diputatu karlistaren aginduz, Carlos aldarrikatu zuen errege, eta 1834tik 1839ra bitartean karlisten esku egon zen herria. Bermeoko liberalek Bilbora ihes egin behar izan zuten, eta haien ondasunak bahitu egin zituzten.

1865ean, Espainiako erregina Isabel II.ak bisitatu zuen Bermeo, eta oso harrera ona izan zuen, baina, hiru urte geroago, 1868an, Bermeo, erregina hura desterratu zuen iraultzaren alde agertu zen.

1872 eta 1873an, bigarren gerra karlista lehertu zenean, Goiriena buruzagi karlistaren ekintzak izan ziren Bermeon. Carlos VII.a bera ere herrian izan zen irailaren 30ean, eta harrera ona izan zuen arren, aipatu behar da ez zuela foruen juramenturik egin Santa Eufemia elizan.

Alfonso XII.arekin Borboikoak erregetzan berrezarririk, karlistak menderatu eta gero, 1876an, Euskal Herriko foruak deuseztatu egin ziren; aurrerantzean, Euskal Herria, zergetan eta soldadutan, estatuko beste lurraldeek bezala laguntzera behartu zuten.

Kudeaketa txarrak eta gerrek eragindako gastu handiengatik, hartzekodunak ordaintzeko eta lege desamortizatzaileen aplikazioa saihesteko, herri-lurren salmenta ugari egin zen Bermeon. Aurretik ere, 1744tik 1832ra bitartean, udalak partikularrei lurrak ematen zizkien baserriak eraiki zitzaten. Pribatizazioak mende amaierara arte luzatu ziren. XVIII. mende amaieran, Bermeoko lurraldean (gaur Bakiokoak diren auzoetakoak kontuan hartu gabe) laurogei baserri inguru baziren, XIX. mende amaieran berrehun bat baserri zeuden. Mañu eta Arranotegi auzoak orduantxe sortutakoak dira.

XIX. mendean, Bermeo tradizionaleko zenbait ezaugarri aldatu edota desagertu egin ziren:

Lehenik eta behin, aldaketarik nagusiena aipatu behar da: udalaren autonomia ekonomikoaren galera. XIX. mendera arte, batez ere herri-lurren ustiakuntzaz, baliabide ugari izan ohi zuen Bermeok bere gastuei aurre egiteko. Baina mende honetan udalaren lurralde-ondasun ia guztiak besterenganatu ziren emakiden eta desamortizazioen bitartez. Estatu liberalaren helburuetako bat izan zen lurren pribatizazioa. Ondorioz, estatuaren edo agintaritza probintzialen menpean geratu zen udala ekonomiaren aldetik, eta gertakari horrek ondorio politikoak ere izan zituen.

Lurren pribatizazioak, luzera, Bermeoaldeko mendietako landaretzaren aldaketa ekarri zuen: apurka-apurka berezko basoak desagertzen joan ziren eta lehengo amezti, harizti, haltzadien lekua, pinu eta eukaliptoen plantazioek hartu zuten.

XIX. mendera arte, herriko hilerriak elizen inguruetan egoten ziren. Talako Andra Mari ondoan, Santa Eufemia ondoan... Mende honetan, izurriteetatik babesteko eta toki haiek txiki geratu zirelako, hilerriak herritik kanpora ateratzea erabaki zen. 1832an Ormabarrietan eraiki zen hilerri berria, eta hori ere txiki geratu zenez, 1886an, Mendiluzen eraiki zen, gaur oraindik erabiltzen dena.

Hiribilduko harresia apurka-apurka desagertzen joan zen; batzuetan, etxeak hesira atxiki eta harresiaz jabetu zirelako, besteetan harresiko harria saldu egin zelako. Portaleak ere XIX. mendean ia denak bota egin ziren: 1827an Erremediokoa, 1829an Mikel Deunakoa, 1833an Santa Barbarakoa, 1886an Beiportalekoa. Gaur, Sanjuanportale da zutik dagoen bakarra.

XVIII. mendearen amaieran, Talako Andra Mari eliza hondatuta, eliza berria eraikitzea pentsatu zen goiko plazan, udaletxe aurrean, Bañosko kondeen jauregia egon zen lekuan. Lanak 1820an hasi ziren eta 1866an zabaldu zen eliza berria.

Almikatik gora izaten zen galtzada tradizionalaren ordez, Bilborako errepide berria eraiki zen 1829an, San Migel auzoaren iparraldeko hegaletik eta Itubizkarburutik gora egiten duena. Bestalde, Bilboko trenbidea 1881erako, Sukarrietaraino zegoen eraikia.

Mende amaieran kaleetan elektrizitatea jartzen hasi ziren.
 

Historia (10/13) Historia (12/13)

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0