Herria

Historia (9/13)

1688an, herriko ordenantzetan aldaketak izan ziren, batez ere udaleko karguak hautatzeko atalean. Fundazio-agiriak ez zuen arau nahikorik herriaren antolamendurako, eta ordenantzak egin behar izan ziren. Ez dakigu noiz eta zenbat egin ziren. 1504az aurretikoak sute orokorrean erre ziren. 1557an, dirudienez, haien kopia bat egin zen, baina zehatzegiak eta, askotan, alferrikakoak izanik, ez ziren oso eraginkorrak. Azkenik, aipatutako 1688ko aldaketen ondoren, 1753an, Ordenantza berriak ezarri ziren.

XVIII. mendera arte, kontzeju zabalez eta kontzeju itxiez gobernatu izan zen Bermeo. Kontzeju zabaletan, herriak bildurik hartzen zituen erabakiak, batez ere, gastuen banaketei, herri-basoei, lan publikoei lotutako gaietan. Kontzeju itxietan, udaleko kargudunak ziren erabakiak hartzen zituztenak. Kargudunak hautatzeko orduan, lau auzo-gunetan banatzen zen hiribildua: Areiltza, Apiotza, Ermendurua eta Arostegi. Hona hemen, besteak beste, hiriko kargudun nagusiak:

·       Alkatea: Alkatea eta epailea. 1688ko ordenantzetan alkateak “jabetzaduna” izan behar zuela zehaztu zen.

·       Errejidoreak: Hasieran zortzi izaten ziren baina 1688an, laura jaitsi zen errejidoreen kopurua. Auzo-gune bakoitzeko errejidore bat izendatzen zen. XVIII. mendetik aurrera, berriro ezarri zen zortzi errejidore.

·       Sindiko ahaldun nagusia: Bermeok zituzkeen auzietan hiria ordezkatzen zuena.

·       Eskribaua: agiriak jasotzen zituena.


Udaleko karguak hautatzerakoan, harresiz kanpokoek ez zuten parte hartzen. Hautaketak, auzo-guneak txandakatuz egiten ziren, eta, hortaz, txanda egokitzen zitzaion auzo-guneko alkatea eta alkateordea hautatzen ziren. Esan behar da, auzo-guneetako errejidoreak zozketaz hautatzen zirela.

1753ko ordenantzetan karguak hartzeko baldintzen murrizketa handia ezarri zen: diruduna, aitonen semea, kulturaduna, elebiduna (gaztelania jakin beharra, alegia) izan behar zen.

 

Historia (8/13) Historia (10/13)

 

 

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0