Prentsa

Prentsa

Esentzien azoka izango da Bermeoko Gabonetako aurtengoa

Gabonetako azoka hartuko du bihar Bermeoko plazak; musika, tailerrak, dastaketa eta produktuen salmenta izango dira bertan.

Bertoko-bertokoa izango da aurten Bermeoko Gabonetako azoka. Bihar, 10:00etan hasi eta 15:00ak bitartean, herritarrek Busturialdeko gastronomiagaz gozatu ahal izango dute, Urdaibaiko Esentziak produktuei esker.

Lehen sektorea eta gastronomia eskualdeko garapen turistikoagaz lotzeko asmoz sortu zen Urdaibaiko Esentziak, eta eskualdea bera bultzatu asmoz, lehen sektoreagaz lotutako ekimen kolektiboak ere antolatzen dituzte. 11:00etan egingo dute azokaren inaugurazio ekitaldia, eta, ostean, gastronomiak hartuko du protagonismoa.

Busturialdeko produktuak erabilita, aurkezpenak eta dastaketa azkarrak egingo dituzte, tokiko ekoizleen eskutik, eta Berazel elkarteak antolatuta, gastrotailerretan parte hartzeko aukera edukiko dute umeek.

Dastatu eta edan. Busturialdeak baditu lehen sektorea bultzatzeko bitartekoak eta gaitasuna. Kokapen geografiko paregabea izateaz gain, landa ingurune zoragarria eta tradizio handiko lehen sektorea dauzka. Horregatik, nekazaritzak, ustiategiek edota arrantza sektoreak eman dezakeenagaz baliatzeko tresna izan daiteke Urdaibaiko Esentziak proiektua.

Biharko azokan ere, eskualdeko lehengairik onenak erakutsiko dituzte, eta zenbait dastatzeko aukera ere egongo da, gainera. Hain zuzen, 12:00etatik 15:00ak bitartean, azokako bisitariek Barturen eta Landabaso harategiek prestatutako bertoko txistorra probatu eta Bizkaiko Txakolina izendapena duten Lapazaran eta Urdaibai txakolinak edan ahal izango dituzte bertan biltzen direnek.

BUSTURIALDEKO HITZA

13 / 12 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0