Prentsa

Prentsa

Erritmoaren maisua

"Oso aberasgarri” egiten zaizkion bateria eta perkusio klaseak ematen ditu Jon Frescok

Ken Zazpi taldeko musikari eta hainbat proiektutako partaide, gazte zein nagusi ditu bere ikasle

Iazko urrian jarri zuen martxan bere “abentura” berria eta urte bete pasa ostean “pozik” dela aitortzen du. Jakin badaki zer den eszenatoki gainean aritzea. Hala egin du gaztetxo zenetik, besteak beste Ken Zazpi bezalako talde entzute-tsuei behar bezalako erritmoa jarriz. Baina maisu ere bada Jon Fresco, bateria-jotzaileen irakasle modura eraberritu den mundakar musikaria. Ikastaro berezituak eskaintzen ditu, musikagintza hasten direnen bidea errazteko, “makilak astindu nahi dituen edonorentzat, baina baita esperientzia dutenentzat” ere. Gaztetxo zein nagusiri laguntzen, ikastaro partikularretan edota ikastetxeetako ikastaroetan, perkusioak ez du sekreturik berarentzat. Erritmoa zainetan darama, eta zainetan daraman hori irakasteari ekin dio.

Gernika-Lumoko industriguneko txoko baten ematen ditu klaseak Frescok, “behar bezala ekipatua”. Bertara joaten dira bere ikasleak. “14 urteko gaztetxoetatik, 55 urtera arteko pertsonak datorzkit, maila askotarikoak eta proposamen ezberdinekin: batzuk baterian hastea, beste batzuk euren estiloa hobetzea... Hasiberri zein eskualdeko hainbat taldeetako bateria-jotzaileekin ari-tzen naiz. Gustura, oso gustura”, laburbiltzen duenez. “Trebatuak hala ez, eurek ikasten dute, estilo desberdinak jorratzea gustatzen zait. Baina nik ere ikasten dut eurekin, ez pentsa!”. Astelehenetik ostegunera, arratsaldez aritzen dira, 17:00etatik 21:00ak arte. Eta ikasturte amaieran, ekainean, emanaldia egiten dute, “ikasitakoa jendeari erakusteko”. Dioenez, “musika taldeetan doinurik ez dugun bakarrak gara, baina erritmoa guk markatzen dugu. Ezinbesteko gara”. Hala ere, “baterian aritzen garenok bereziak” direla ere badio.

Badira hainbat musika eskola bateria-jotzaileentzat. Baina Frescok bere egiten ditu ikasleak, “bakoitzari behar duena eskainiz. 50 minutuko klaseak izaten dira, pertsonalizatuak. Estilo berezituak zein tradiozionalagoen gakoak eskaintzen dizkiet, baina ikasle bakoitzak markatzen du bere erritmoa. Bestetik, bateriak nik jartzen ditut”. Ikastetxeetan ere hasia da perkusio ikastaroak ematen, Bermeoko Eleizalden eta Amorebietako Lauaxeta ikastoletan hain zuzen. “Oso ezberdina da, zeren Lehen Hezkuntzako umeak izaten ditut -50 ikasletik gora biltzen ditu- eta klaseak eman ahal izateko jokoak erabiltzen ditut. Baina aberasgarria da, oso”. Iazko ikasturtean izandako harrera onak eraman zuen mundakarra ikastetxeetara jotzera. “Txosten itxurosoa egin eta ikastoletara jo nuen, ea ikastaroak ematea posible izan zitekeen. Bilera batzuen ostean, lana atera zi-tzaidan. Eta pozik, nola ez!”.

Ken Zazpi geldialdian dagoela eta -etorriko dira etorkizunean proiektu berriak-, Frescok bere duen pasioa mantentzen du. Nerabe zenean hasi zen makilak astinduz -“14 urte edo izango nituen...”- eta denetarikoak ikusi ditu. Bere herrian bertan sortutako taldeetan izan da -Hotsaren Ikaraz-, Musika Eskolan izan zen, Gernika-Lumon hazi ziren hainbat talde ere ezagutu ditu... eta gaur egun beste zenbait proiektutan murgilduta dago, beti ere bere bateria bere akldamenean duela. Yo soy Pichichiantzezlana izan da horietako bat, non bere lagun den Naiel Ibarrolarekin aritu den, Yolenia Bagglietto, Iñaki Urrutia, Itziar Ituño edo Lander Otaola bezalako antzezleekin batera. Etorkizunean ere taulagainean egongo dela dio, Gordo, basko y maricon izenburupeko lanean.

“Geldirik geratzen ez diren horietako naiz. Nik erronka berriak behar ditu, gauza berriak egin behar ditut nire burua birzikla-tzeko”. Eta hala egin du Frescok bere ikastaroekin, www.jonfresco webgunean ikusgai direnak. Eta ikastaroa oraintsu hasita, gonbita luzatu die bateriara hurreratu nahi diren guztientzako.

DEIA

15 / 11 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0