Prentsa

Prentsa

Bermeoko saregin eta neskatilen ekimen turistikoa saritu dabe

Bermeoko Neskatila eta Saregin Autonomoen Elkarteak saria jaso barri dau Gijonen, aurtengo udan hasi eban bisita gidatuen egitasmo barritzaileagatik. Hain zuzen be, Arrantza sektoreko Espainiako Emakumeen Sareak antolatu eban seigarren kongresuaren barruan eskuratu eben sari hori, taldea osotzen daben bost andrek -Ana Rosa Ispizua, Mari Carmen Sañudo, Josefi Suarez, Maria Angeles Marti eta Juani Maceirak-.

Bermeotarren nortasuna ezagu-tzera emoteko, Udalak, Turismo Bulegoak eta Bermeo Tuna World Capital Elkarteak alkarlanean abiarazi eben 'Bizi Bermeo' egitasmoaren barruan hasi zan antolatzen bisita gidatuak herriko neskatila eta sareginen elkarteak. «Uztaila eta abuztua bitartean hamabost bisita bete genduzan, eta guztiak kontutan izanda, ia berrehun lagun batu ziran», gogora ekarri dau Josefi Suarez elkarteko neskatilak.

Uda osteko tartea egin ostean, taldeak barriro ekingo deutso portua eta kofradiaren inguru egiten diran bisita gidatuen egutegiari. «Historikoki, arrantza edo itsasoari lotutako neskatilak eta sareginak bete izan doguzan beharrak erakusten deutsaguz jendeari», azaldu eben. Ekimen turistikoa lehorreko itsas behargin honeen jarduera dibertsifikatzeko asmoz sortu zan, eta ondorioz, euren diru-sarrerak handitzen laguntzeko.

«Lehengo aldean, gaur egun lan gitxi dago guretzako, itsasontzi kopurua asko gitxitu dalako. Ideia honen bitratez, beste diru iturri barri bat zabaltzen jaku», eskertu dabe. Arrantzako emakumeen lanbidea ezagutzera emoteko antolatzen diran bisita gidatuak ordu bete eta erdiko iraupena eukiten dabe.

Bisita eta dastaketa

Neskatila eta sareginak, bestalde, publiko aurrean berba egiteko, «ahalegin handia» egin behar izan dabela aitortu dabe. «Hasieran lotsa apur bat emoten euskun jendearen aurrean hitz egiteak, baina kuriosoa bada be, turistek asko eskertzen deuskue naturaltasunez eta geure hutsegiteakaz edo berba egiteak», aitortu dabe.

Bisita gidatuen programaren barruan, kofradia erakutsi, arrain salmentaren nondik-norakoak irakatsi eta arrantzan egiteko sarea bera zelan konpontzen dan erakusten jakez bisitariei. «Kuriosidade batzuk kontetan deutsaguz; geure herriko gazteak be, igual, ezagutzen ez dabezanak». Amaitzeko, «txakolina eta atun-pintxoa dastatzen emoten doguz eta solasaldi atsegina sortzen da». Hurrengo bisitak abenduaren 6an, 7an, 27an eta 28an egingo dabez.

EL CORREO

13 / 11 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0