Prentsa

Prentsa

Euskara ikasteko laguntzak eskainiko dituzte Bermeoko eta Busturiko udalek

Bermeoko eta Busturiko Udalek, beste hainbat udalek egin bezala, euskara herritarren artean sustatu eta hizkuntza ikasi nahi dutenei laguntzeko asmoz, era desberdinetako laguntzak eskainiko dituzte.

Bermeotarren kasuan, euskara ikasi nahi dutenentzako diru laguntzak emango ditu udalak. Hainbat urtez egindako egitasmoaren jarraipena da, eta 2018-2019 ikasturtean eta 2019ko udan egindako ikastaroetarako balioko du oraingoan. Zehazki, dirulaguntza horien onuradunak ikasturtean edota udan homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak izango dira.

Interesatuek eskaera orria eta dagokion dokumentazioa Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8) aurkeztu beharko dutela jakinarazi dute udaletik. Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 31 izango da. Horiek onartzeko, baina, eskaera egiten duenak baldintza batzuk bete beharko ditu; Bermeon erroldatuta egon behar du, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia eduki beharko du, eta amaitzeko, hasten duen ikastaroa bukatzea ezinbestekoa izango da diru laguntza jasotzeko.

Eskaria egiten duen herritar bakoitzak gehienez 300 euroko diru laguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. Ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek berriz, ikastaro guztiengatik gehienez, 500 euro jaso ahal izango dituzte. Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten herritarrek matrikularen % 70a ordaintzeko laguntza jaso ahal izango dute.

Ikasturtea gauzatzerakoan langabezia egoeran dauden herritarrek ere diru laguntza eskuratuko dute: gehienez %60koa, kasu horretan.  Gainontzekoek matrikularen %50a jaso ahalko dute, gehienez. Diru laguntza horiek HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten laguntzekin bateragarriak direla zehaztu du udalak.

Gidabaimena ere euskaraz. Euskara ikastaroentzako laguntzekin batera, gidabaimena euskaraz atera nahi dutenek diru laguntza eskariak ere egin ahal dituztela nabarmendu du. Eskari orria, nortasun agiriaren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia eta prestakuntza euskaraz jaso eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria Berhazera eraman beharko dute eskatzaileek, urriaren 31 baino lehen. Beste erakunde baten diru laguntzak jaso badituzte, horien froga agiria ere aurkeztea beharrezkoa izango da.

Baldintzei dagokienez, Bermeon erroldatuta egoteagaz batera gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egin eta B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gaindituta izan beharko dute eskatzaileek. Gainera, udalagaz zorrik ez izatea derrigorrezkoa izango da eskaera onartzeko.

Ikastaroak Busturian. Busturiko Udalak, bere aldetik, AEK euskaltegiagaz batera herritarrei euskara ikastaroak eskaintzeko lanean ari dela adierazi du. Ikastaro horiek urriaren 17an hasiko dira, eta ekainaren 11ra arte iraungo dute.

Eskainitako ikastaroak oinarrizko mailatik hasiko dituztela zehaztu dute; klaseak martitzen eta eguenetan egingo dituzte Altamira auzoko kultur etxean, 09:30etik 11:30era bitartean. Interesatuek urriak 15 baino lehen izena eman beharko dute. Hori egiteko udaletxera jo beharko dute, edota 607 14 39 52 telefonora deitu.

 

HITZA

10 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0