Prentsa

Prentsa

Euskal andreen memoria historikoa ardatz duten ekintzak egingo ditu Erroxape Emakumeen Elkarteak

Euskal andreen memoria historikoa abiapuntutzat hartuta, hori landu eta gai horren inguruko hausnarketa egin eta hitzaldiak entzuteko egitasmoa egingo dute Bermeon. Udalerriko Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatu du ekimena, Sorginorratz Bermeoko Talde Feministaren, Kukubedarra Urdaibaiko Emakumeen Elkartearen, Euskal Herriko Bilgune Feministaren, Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz.

Bihar emango diote hasiera ekimenari. Lehen jardunaldi horretan, Benito Zambranok zuzendutako La voz dormida filma proiektatuko dute Erroxaperen lokalean, 18:30ean. 2011. urtean estreinatutako filmeak izen bereko eleberria hartzen du abiapuntutzat; bertan frankismo garaiko emakume errepublikarrak ditu protagonistatzat. Emakume horiek bizitako egoera eta borroka islatzen dira filmean.

Filmaren emanaldiaren ostean, Andrea Heuschmind emakume feminista, pedagoga, ikertzaile eta oroimen historikoaren arloko ekintzailearen hitzaldia entzuteko aukera egongo da lokalean bertan.

Liburu aurkezpena. Datorren astean berriz, Oiane Valero idazle, historialari eta ikerlari bilbotarraren Euskal langile andreak liburua aurkeztuko dute Erroxapekoek. Urriaren 17an, eguenean, izango da aurkezpena.

Liburuak antzinako erregimenetik kapitalismora bitarteko andre langileen historia laburbiltzen du. Aurkezpenean Valerok parte hartuko du, eta egindako lanaren inguruko hitzaldia eskainiko du. Berriz ere, 18:30ean hasiko dute jarduera.

Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, egitasmoa urteetan egindako lanaren jarraipena da. Ekaineko zinema zikloa parte hartze txikiagatik bertan behera utzi behar izan ostean, bihar hasiko duten egitasmoak jende gehiago erakartzea espero dute. Hori horrela, herritarrei elkartearen lokalera hurreratzeko gonbita egin diete.

HITZA

 

 

10 / 10 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0