Prentsa

Prentsa

Baserritar giroan batu dira bermeotarrak Santa Eufemia Egunean

Jaiak agurtu aurretik, bermeotarrak Santa Eufemia ospatzen ari dira. Goizean Lameran zein Taraskan baserritar giroko azokak egin dituzte. Gaztelu auzoan, gainera, jai giroan abesten eta dantzan ibili dira.

Hamar egun ospakizunez ospakizunera eman ondoren, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak amaitzeko ordua heldu da bermeotarrentzat. Azken eguna hala ere, indar betean ospatzen ari dira, jaiei behar bezalako agurra esateko asmoagaz.

Santa Eufemia Eguna baserritarrei esker ona adierazteko eguna da. Lameran eta Taraskan egindako azoka bereziek nekazari eta abeltzainen lana agerian uzteko balio dute.

Lameran, esaterako, goizetik ireki dituzte salmahaiak. Bertan era guztietako produktuak dastatu eta erosteko aukera izan dute hurreratu direnek: gazta, ortuariak, sagardoa, ogia edota artisautza lanak egon dira, besteak beste, Lamera osoan zehar banatutako postuetan. Horrez gain, nekazaritzarako makineria eta tresna erakusketa ere egon da.

Ohikoa den abereen erakusketak hartu zuen Taraska. Bertan oiloak, antzarrak, ahuntzak edota behiak ikusi ahal izan dituzte bertaratu direnek. Umeek ere ongi pasatzeko aukera eduki dute; hainbat jolasetan aritzeagaz batera, ponyen gainean ibili dira. Eguraldi onak lagunduta, asko eta asko izan dira baserriko giroko azokara hurreratzera animatu direnak goizean.

Abesti eta dantzen artean. Eguerdian udalbatza Goiko Plazan batu da. Bertatik Santa Eufemia enparantzara abiatu dira herriko txistulariekin eta Aiarako musika bandagaz batera. Hara heltzean txistulariek Alkate Soinua jo, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsakoek ikuskizuna eskaini dute. Modu horretara, udalbatza Gazteluko jaietan murgilduta zeudenekin batu dira, irrintzi eta dantzen artean Santa Eufemia Eguna ospatzeko.

Ostean, Gaztelutarrek horren egun berezia bi emakume bermeotarreri omenaldi xume bat egiteko aprobetxatu dute. Lehenengo omendua Almiketxu Erretegiko Teodora Alboniga izan da, bere bizitzan egindako lanagatik. Ondoren, Gazteluko auzokide zaharrena, 89 urte dituen Irene Munitiz omendu dute auzokoek. Biei irrintziak eskaini, eta hainbat opari egin dizkiete udalbatzaren zein herrikoen partetik.

Omenaldia eginda, balkoitik balkoira egindako bertso saioaz gozatu dute gaztelutarrek, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra eta Jone Uria bertsolariek eskainita.

Sari banaketa. Bazkaltzeko ordua helduta, hainbat izan dira Lamerako postuetan txorizo taloa erosi eta gerizpean sabela bapo bete dutenak. Etxeko txikienek, gainera, taloak prestatzeko tailerrean aritu dira txosnagunean. Ondo bazkalduta, 30. Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketaren sari banaketari hasiera eman diote Lameran bertan.

Txapelketan guztira zazpi gazta desberdinek parte hartu dute. Lehenik eta behin publikoaren saria banatu dute; Lameran batu izan direnek goizean zazpi gaztak dastatu, eta gustukoen izan dutenari botoa eman diote. Irabazlea Markina-Xemeingo SantamaƱe etxea izan da.

Epaimahaiaren aldetik berriz, lehen hiru sailkatuak saritu dituzte. Hirugarren saria Jon Etxebarria Zeanuriko artzainarentzat izan da. Bigarren sailkatua, berriz, Markina-Xemeingo Igor Txurruka izan da; bere amak hartu du saria batzeko lana. 2019ko Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketaren irabazlea, publikoaren sariagaz gertatu modura, SantamaƱe izan da.

HITZA

17 / 09 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0