Prentsa

Prentsa

Gorefestek fantasiazko eta beldurrezko filmen eskaintza zabala ekarriko du Bermeora

Beldurrezko zinema jaialdia hutsik egin gabe ospatuko dute beste urte batez Bermeon. Uztaileko egitarauan dagoeneko tradizioa bihurtu den Gorefest jaialdiak udalerria bai beldurrezko zein fantasiazko filmen munduan murgilduko du hemeretzigarren urtez. Spookypheria Productions elkarteak Bermeoko Udalaren laguntzagaz antolatutako ekimena Nestor Basterretxea aretoan egingo dute bihar.

Film laburren eskaintza zabala ekarriko du jaialdiak. Aurten estatu mailako zein nazioarteko produkzioak proiektatuko dituzte aretoan. Eskaintza alternatibo bat proiektatzea da elkartekoen helburuetako bat, eta hori lortzeko terrorea ardatz duten, baina aldi berean era guztietako generoak batzen dituen film sorta batu dute.

Hamabi film labur. 20:30ean emango diote hasiera jaialdiari. Guztira hamabi izango dira proiektatuko dituzten laburrak: Sin Ti (Allan J. Arcal), 9 Pasos (Marisa Crespo eta Moisés Romera), Cerdita (Carlota Pereda),Miedos (German Sancho), Gridlock (Ian Hunt), Cariño (Ángel Gómez), Maelstrom (Carlos Gómez-Trigo),Lobisome (Juan De Dios Garduño), Space Trash Bag (Jose Casas), Un Dia en el Parque (Diego Porral),M.A.M.O.N (Alejandro Damiani) eta R.I.P (Albert Pintó eta Caye Casas) dira aurton Spookypheria Productions-ek aukeratu dituen filmak.

Laburrekin batera, film luzea ere proiektutatuko due Gorefesten. Verano del 84 da aurtongo jaialdirako aukeratu duten film luzea. 80. hamarkadan oinarritzen da filmea. Iñigo Atxa Spookypheria Productions elkarteko kidearen berbetan, film zerrendarekin beldurrezko generoa ez ezik, suspensea eta umorea ere batuko dituzte.

Nabarmendu duenez, jaialdiaren izenburua gore berba agertzen den arren, bildu duten eskaintzagaz haratago joan nahi dute, eta publiko zabal batentzat erakargarria egin daitekeen egitasmoa prestatu dute. Gorea ardatza delakoan pertsona asko zalantzan egoten direla dio Atxak, baina behin jaialdiko filmak ikusi ostean, errepikatu egiten dutela.

Gainera, Nestor Basterretxea aretoan animazio aktoreak egongo dira, hurreratzen direnei beldurrezko giro horretan bete-betean murgiltzeko. Jaialdiak lau euroko sarrera izango du. Hitzordu berezi horretan parte hartzeko gonbita luzatu die zinemazale guztiei Spookypheria Productions elkarteak.

HITZA

12 / 07 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0