Prentsa

Prentsa

Motorrek Bermeo hartu dute hamargarrenez

Bermeoko Izaro Bikers motorzaleen elkarteak Magurios motorren topaketa antolatu dute hamargarren urtez. Giro ederrean ibili dira motorzaleak udalerrian.

Izaro Bikers motorzaleen elkarteak antolatutako jaialdiaren deiari jarraituz, ehunka motorzale batu dira Bermeon. Magurios motorren kontzentrazioak atzo ateak ireki ostean, motor hotsagaz bete dituzte udalerriko kaleak.

Eguerdi aldera kanposantu ondoan batu dira motorzaleak, eta handik dagoeneko tradizio handiko motorren irteerar hasiera eman diote. Ez da gutxiagorako, izan ere, aurten Maguriosek bere hamargarren urteurrena betetzen du.

Hamarkada bateko bizitzaren ostean Bermeokoak Bizkaiko motorren topaketa garrantzitsuenetako bat izatea lortu du, eta hala, Urdaibaiko errepideetatik hainbat eta hainbat motor aritu dira irtenaldian. Bermeotik irten, eta Gernika-Lumorantza abiatu dira, hortik Ispasterrera joan eta bueltan Ibarrangelutik etorteko. Antolatzaileek adierazi dutenez, ia bi orduko bira egin dute 200 bat motorrek, eguraldi onak lagunduta.

Ostean bazkaria egiteko bildu dira. Giro ederrean, 250 lagun inguru izan dira bazkarian. Marmitakoa izan dute bertaratu direnek, eta arratsaldera arte sabela bapo bete eta indarrak berreskuratzeko aprobetxatu dute. Izaro Bikerseko antolatzaileek egunean izandako “giro ederra” nabarmendu dute, eguzkiak jende asko hurreratzera animatu baitu.

18:30ean Emilio Zamora stuntman-aren ikuskizunaz gozatuko ahalko dute bertaratutakoek. Gauean, bestalde, ikuskizuna musikaren aldetik etorriko da.

Haxotz taldeagaz batera, Mojinos Escozios taldearen kontzertuagaz gozatzeko aukera egongo baita. Kontzertuen ostean musikak eta jai giroak jarraituko dute, DJ Oihan Vegagaz eguneko azken ordueri amaiera ezin hobea emateko.

BUSTURIALDEKO HITZA

17 / 06 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0