Prentsa

Prentsa

Ekonomia zirkularra sustatzeko lanean ari da Bermeoko Udala

Bermeoko Udalak ekonomia zirkularra bultzatzeko apustua egin du. Eredu ekonomiko hori sustatzea lortzeko, udalerriko hainbat enpresekin elkarlanean ari da udala.
Ekonomia zirkularra erabiltzen diren edo eskura dauden errekurtsoen efizientzia hobeagoa edukitzea helburu duen eredu ekonomikoa da. Modu horretara, dagoeneko erabili diren material eta errekurtsoak bota edo baztertu ordez, horiek berreskuratu eta berrerabiltzea da ereduak proposatzen duen ideia nagusia. Material horiek produktu berriak sortu eta ekoizteko erabiltzea da bere helburua, ondoren ekonomian berriz txertatzeko.
Ekonomia eredua aurkeztu eta Bermeon egindako diagnostikoa eta aurrerapenak azaltzeko batu dira gaur Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, Nere Mintegi Behargintzako zuzendaria, Aintzi Laburu Campos enpresako ordezkaria eta Estibaliz Gaubeka Serrats enpresako ordezkaria.
Bidegurenek azaldu duenez, gaur egun martxan dauden produkzio ereduekin natur baliabideak hartu eta erabili ostean, horietatik sortutako hondakinak berriro ere naturara botatzen dira. Sistema horrek bi arazo handi dakartza: 'alde batetik, gero eta natur baliabide gutxiagogaz geratzen ari gara. Bestetik, hondakinek ekartzen dituzten kutsadura arazoak edukiko genituzke'.
Jasangarritasuna. Alkatearen berbetan, horri aurre egiteko, 'betiere herriko garapen ekonomikoa izanik udalaren arduratako bat', produkzio eredu jasangarriagoak bilatzen hasi ziren. Esku artean hainbat eredu desberdin izan ostean, ekonomia zirkularrak eskaintzen dituen abaintaila eta onuretaz baliatzea erabaki zuen udalak.
Ekonomia zirkularraren aldeko apustua eginez 'ez dago natur baliabideetara jo beharrik materialak eskuratzeko, eta, era berean, erabilitako produktuak ez dira zabor bilakatzen, berriz ere zirkuituan sartzen baitira, beraien balioari eutsiz', nabarmendu du alkateak. Gehitu duenez, garapen jasangarriari buruz 'askotan' aritu izan dira, eta 'errealitate bilakatzeko' eredu hori jarraituko dute udalerria soziekonomikoki bultzatzeko.
Udala herriko enpresekin elkarlanean ibili da eredu berria abian jartzeko. Bidegurenek azaldu duenez, tokiko ekonomiako espezializazioa garatzeko, kontserba lantegiekin lan egiten hastea erabaki dute, Bermeoko ekonomian 'pisu gehien' daukaten enpresak baitira. 'Kontserba lantegiak eskualdeko motorra dira, eta eredu hau horiekin lantzerakoan beste inpaktu bat lortzen dugu'.
Iniziatibak 'lehiakortasuna hobetzeko eta negozio aukera berriak sortzeko' balioko du. Mintegik azaldu duenez, Behargintzatik aritu dira iniziatiba bultzatzen, eta joan den urrian eredua aztertzeko batzartu ziren Campos eta Serrats enpresetako eta Azti zentro teknologikoaren ordezkariekin.
Bertan, kontserba enpresek IK Ingenieritza enpresaren aholkularitzagaz batera landutako diagnostikoak aurkeztu zituzten, eta hurrengo pausoak emateko ildo estrategikoen inguruan eztabaidatu zuten. Batzarrean izandako esperientzia 'oso ondo baloratu' ostean, Ecocanvasek ekonomia zirkularrari buruz prestatutako ikastaro batean parte hartu zuten azaroan.
Gaubekak Serrats enpresak izandako esperientzia kontatu du. Proiektua lantzen hasterakoan ekonomia zirkularra ezagutzen ez zuten arren, aholkulariek nabarmendutako proposamen asko enpresaren ekoizpen prozesuan dagoeneko erabiltzen zituztela aitortu du.
Ordezkariaren berbetan, 'behin lortutako emaitzak aztertuta, Bermeon hain ezaguna den hegaluzearen kontserbaren produktua lortzeko erabilitako baliabideak eta materialak ikusaraztea erraza da'. Etorkizunean eredu berriak eskainiko duena ikusteko 'ilusio handia' dutela gehitu du Gaubekak.
Laburuk, bestetik, Campos enpresaren ikuspuntua azaldu du. IK-k proposatutako ekintzen barnean, CO2aren emisioak murrizteko bideak zeuden, eta horiek martxan jarri dituzte. Esaterako, hurbilago dituzten hornitzaileak erabilita, 'garraioaren distantzia laburtu eta erregai gutxiago erabili' ahal dute.
Nabarmendu duenez, 'aspalditik' ISO 14001 (2015) zertifikatua lortzeko hainbat lan egin duten arren, proiektu horri esker Camposek beste hainbeste gauza lortu ditu, esaterako, 'Bizitzaren Bizi Zikloaren Analisiaren tresnari buruzko ezagupena'.
Etorkizuneko eredua. Mintegik azpimarratu duenez, 'ekonomia zirkularra etorkizuna da'. Landu dituzten diagnostikoekin edukitako esperientzia 'oso positiboa' dela dio, eta 2019an proiektuagaz lanean jarraituko dutela ziurtatu du. Hala, dagoeneko eredua jarraitzen hasi diren enpresek beraien kabuz ekonomia zirkularra sustatzeko pausoak ematen hasi badira ere, udalagaz elkarlanean aritzeko eskaera egin du.
Bidegurenek, bere aldetik, Campos eta Serratseri gai horretan egindako apustua aitortu eta aurrera jarraitzera animatu die. Halere, eredu horren erabilera Bermeoko beste enpresetara hedatzeko gogoa ere azaldu du.
Bere ustez, esperientzia hori 'eredugarria eta interesgarria' izan daiteke beste enpresa batzuentzat, eta horregatik ekonomia zirkularraren aldeko apustua egitera animatu ditu. Izan ere, hori eginez gero Bermeoko Udalaren eta Behargintzaren laguntza jasoko dutela ziurtatu du alkateak.

HITZA

18 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0