Prentsa

Prentsa

Ohiko aldarriei eutsiz, zapatuan Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute Busturialdeko pentsiodunek

Astelehenetako ohiko aldarrikapenei eutsi zieten Bermeo eta Gernika-Lumoko pentsiodunek atzo, eta gaur eguerdian, zapatuan Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia egin dute Busturialdeko pentsiodunek. Zapatuan 17:00etan Carlton hotelaren aurretik udaletxeraino joango direla jakinarazi dute. Hala, beraien aldarrikapenei eusteko asmoa berretsiko dute.
Urtebetez egindako aldarrikapenak errepikatuko dituzte Bilbon; KPIaren araberako eguneraketa, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, sistema propioa, genero arrakala ezabatzea eta etxez etxeko zaintzaileen egoera hobetzea. 'Badauzkagu kezkatuta egoteko arrazoiak, eta horiek legez ondo zainduta egon behar direla uste dugu', diote. Hori horrela, arazo horiei aurre egiteko lan arloa 'definituta' daukatela adierazi dute pentsiodunek.
Orain dela urtebete zehaztutako eskaera horiek 'harrotasunez' oraindik eta gehiago zabaldu gura dituztela aitortu dute: 'Mundu hobe eta justuago baten alde borrokan gabiltzala zabaldu gura dugu'.
Orain arte urtebetean lortutakoak herritarren ekinaren ondorioa izan dela argi dute Busturialdeko pentsiodunek: '0,25a modan jarri zuten, eta bertan behera bota genuen. Lekutan geratu da txinparta izan zen zenbaki hori, eta sinistuta gaude lortutako eskaerak gure ekinaren ondorioak izan direla'. Hala, pentsio publiko eta duinen alde egiteari denboran iraunkortasuna eman nahi diete.
Aldarrikapenen urteurrena. Pentsiodunak astelehenero hasi ziren elkartzen, eta beraien aldarriek erantzuna eduki zuten. 'Gure urteak zenbatzeko ohiturak gure mugimendua kutsatu du, eta gaur urtebete egin dugula diogu; orain urtebete hasi ginen modu masiboan kalera ateratzen'.
Edozein pertsonak lan bizitza luze baten ondoren baldintza duinetan bizitzeko eskubidea daukala defendatu dute hilabetez hilabete, eta horretarako, horiek jasotzen dituzten pentsioak nahikoak izan beharko litezke: 'Gure eskubideen alde oihua zabaltzen jarraituko dugu oraingoan ere'.
bat-batean sortu zen mugimendua dela diote, baina Busturialdeko pentsiodunek, beraiena, mugimendu plurala dela azpimarratu dute: 'Talde politiko, kultural edota gizarte talde ezberdinetako jendez betetako taldea gara, eta danok batera mundu berri baten alde egiten dugu. Diktaduren aurka joatera ohituta dagoen jendeak osatzen du gure taldea'.
Hori horrela, kalea beraien zelai jokorik berezkoena dela hausnartuta, astelehenetan herriko plazetan egon dira pentsiodunak, eta askotariko jendeagaz topo egin dute. Desberdinen arteko aniztasun horrek beraien mugimenduaren 'sendotasuna' eragin duela diote.

HITZA

16 / 01 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0