Prentsa

Prentsa

Bermistorianek ekintzaz betetako asteburua ekarriko du

Urriaren 20 eta 21ean ospatuko dute antzinako azoka protagonista duen 15. Bermistorian.

Bermeon dagoeneko tradizio bilakatu den ekimenak herriko alde zaharra hartuko du. Bertan, adin guztietarako pertsonei zuzendutako jarduerak egingo dituzte: hala nola, antzinako azoka, mota ezberdinetako tailerrak, kale animazioa eta herriko Izaro abesbatzaren kalejira.

Berritasun bezala, Spookypheria Productions elkarteak Bermeoko Kafe Antzokiaren eta Bermeoko Udalaren laguntzagaz antolatutako Vermeio Folk Metal Fest musika jaialdia etorriko da Bermistorianeko gaua alaitzera.

Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Iñigo Acha Spookypheria Productions elkarteko kideak aurkeztu dute 15. Bermistorianeko egitaraua. Astuiren esanetan, Bermistorianen “herritarrak eta kanpotik datozen pertsonek Bermeon antzinako garaietara eramango dieten giro alaian murgilduko dira”.

Bermistorianeko protagonista garrantzitsuenetakoa, urtero moduan, zapatuan eta domekan, urriaren 20an eta 21ean, hain zuzen ere, Alde Zaharrean egingo duten antzinako azoka izango dela adierazi du zinegotziak.

Azokan, produktu ezberdinen erdi aroko 50 saltoki inguru egongo direla zehaztu du. Horietan, besteak beste, gaztak, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, narrua, loreak, zilarra, kremak, xaboia, buztin eta zeramika-lanak eta arropak ikusi eta eskuratu ahal izango dituzte alde zaharrera hurreratzen diren herritarrek.

Bestalde, Astuik adierazi duenez, asteburuan Izaro abesbatzaren kalejira, piperrak erreta, zeramika tailerrak, eta kale animazioak “herrian giro polita sortuko dute, Bermeo Erdi Arora eramanez”. Umeek ere beraiei zuzendutako txokoa izango dute azoka berezi horretan; izan ere, haurrek alde zaharrean oholezko jokoekin jolasten eta ondo pasatzen ibiltzeko aukera edukiko dute.

Kale animazioaren bitartez Bermeoko herria erdi aroan murgiltzea ahalbideratuko dutela azaldu du zinegotziak. Zapatuan zein domekan, egun osoan zehar hainbat ikuskizun antolatu dituzte. Zapatu iluntzean kale animazioaren ikuskizun berezia eskainiko dutela nabarmendu nahi izan du, egunari bukaera ezinhobea emateko.

Banderolak. Erdi aroko giroa izatea lortu nahi du udalak, eta horrela, alde zaharra atondu nahi duten dendari, tabernari eta bizilagunei antzinako banderolak utziko dizkiela jakinarazi du Astuik. Hortaz, alde zaharreko herritar guztiak animatu ditu banderolak hartzera. Banderolak Kultur etxean eskuratu ahal izango dituztela argitu du.

Azkenik, antzinako azoka dela eta, asteburuan azoka ospatuko den gunetik ibilgailuekin ez ibiltzea eskatu du Astuik. Bestalde, Bermistorian antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman die. “Euren laguntza ezinbestekoa da Bermistorian antolatu ahal izateko”, nabarmendu du.

Erdi Aroan, Folka eta Metala. Zapatu osoa azokan murgilduta eman ostean, herritarrek Bermistorian era apartean girotzen lagunduko duen Vermeio Folk Metal Fest musika jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute. Achak azaldu duenez, “jaialdi horretan folkak eta metalak bat egingo dute, eta gau epikoa bizi ahal izango da”. Bertan, hiru talderen kontzertuekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek, Aiumeen Basoa, Incursed eta Celtibeerian taldeenak, hain zuzen ere.

Aiumeen basoa Euskal Pagan Folk Metal deritzon joera musikal honetan aitzindarietako bat da. Euskal musika tradizionalaren eraginaz batera, Noruegako black metalaren eragina ere badute eta, osagai horien nahasketarekin gaur egungo metal munduko talderik orijinaletako bat dugula esan dezakegu.

Taldearen Euskal folklore eta mitologiaren oinarri sakona dela eta, euskaraz abestea guztiz erabaki naturala izan zen. “Beraz, kontzertu honetan gure aholkua lasaitzea da, gure izpirituek Euskal Herriko basoetan barrena hegaz egiteko aukera izango baitute”, esan du Achak.

Bestalde, Incursed Bilbon sortutako Folk/Pagan Metal talde bat da, 2007. urtean sortutakoa. Taldeak metal paganoa metal power elementuekin konbinatzen du. Incursed 30. Bilboko Hiria lehiaketaren finalera pasa diren metal taldeen artean dago, taldeak daukan esku onaren erakusgarri bezala.

Azkenik, Celtibeerian taldeari dagokionez, Ciudad Realeko Folk metal taldea osatzen dute, 2010. urte bukaeran sortutakoa. Taldearen musika-tresnak metal talde batek izaten dituenak dira, baina gainera folklore zeltaren musika-tresnak gaineratzen ditu, besteak beste, biola, biolina, bouzoki edota arpa. Horrez gain, abesti batzuetan zeltatik datozen Keltokurmis edo Celtibirro izeneko hizkuntzak erabiltzen dituzte.

Beraz, hiru kontzertu horiekin Vermeio Folk Metal Fest jaialdiak gozatzeko aukera asko eskainiko dizkie bertaratzen diren guztiei. Sarrerak aurretiaz erosita 8 euroko prezioa izango dute eta leihatilan 10 eurokoa.

Salmenta lekuak honako hauek direla azaldu du Achak: Bermeoko Kafe Antzokia eta Luma liburu-denda, Gernikako Ospa taberna, Mungiako herriko taberna eta Bilboko Gothic Zone. Internet bidez, Kafe Antzokiaren webgunean eskuratu daitezke.

Kultura zinegotziak azokaren ordutegia zehaztu du: “urriaren 20an, 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta urriaren 21ean, 10:00etatik 15:00etara gozatu ahal izango da antzinako azokagaz eta bere baitan antolatzen diren ekimenekin”.

Astuik eta Achak,hurrengo asteburuan herritar guztiak eta kanpotik datozen pertsona guztiak Vermeio Folk Metal Fest jaialdira eta Bermistorianen barne egingo diren ekimen ezberdinetan parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte, “Bermeon erdi aroan murgilduko baita eta giro ezin hobea izango ditu”.

Egitaraua:

  • Zapatua, urriak 20:
    • 10:00-15:00: Antzinako Azoka.
    • 12:00-19:00: Kale animazioak.
    • 17:00-21:00: Antzinako Azoka.
    • 20:30: Kale animazioaren ikuskizun berezia.
    • 21:00: Vermeio Folk Metal Fest musika jaialdia, Kafe Antzokian.
  • Domeka, urriak 21:
    • 10:00-15:00: Antzinako Azoka.
    • 12:00-13:00: Kale animazioak

HITZA

15 / 10 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0