Prentsa

Prentsa

Bermeoko jaietan giro 'ezin hobea' eta 'parte hartze garrantzitsua' egon da udalaren arabera

Andra Mari eta Santa Eufemia jaien balorazio 'oso positiboa' egin du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak.
Bidegurenek azaldu duenez, 'jai egitarauan aurreikusitako ekimen guztiak ospatu dira, eta giro ederra egon da, jai jendetsuak izan dira, inguruko herrietako jendea ere hurbildu da jai ekintza ezberdinekin gozatzera'.
Bermeotarrek ospatzen dituzten festak 'oso parte hartzaileak' direla azaldu du alkateak, parte-hartze hori jai ekimenen antolakuntzan 'ezinbestekoa' izanik, eta guzti hori 'herritarren inplikazioan' isladatzen dela adierazi du. Ildo horretan, Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak egindako 'lan izugarria' goraipatu du Bidegurenek, eta euren lan eta ahaleginei esker 'Bermeon jai herrikoi eta parte-hartzaileak' lortu dituztela nabarmendu du.
Antolatu dituzten jai ekimenak 'arrakasta handikoak' izan direla azpimarratu du Bidegurenek, eta horien artean irailaren 7ko txupinazoa Udaletxetik, Ortube itsasontzira bisitak, Benito Barruetak antolatutako arte erakusketa, Fun Box txirrindu saltoen erakusketa, Correfox ekitaldia, suziriak, Gazteluko ekitaldiak eta kontzertuak nabarmendu ditu.
Egun jendetsuak. Bermeoko kaleetatik jende gehien aritu izan diren egunak Andra Mari, Arrantzale, Sukalki eta Santa Eufemia egunak izan dira, aurten asteburuetan ospatu direnak, hain zuzen ere. Egun horietan egin ziren jai ekitaldiak eta omenaldiak hunkigarriak izan zirela gaineratu du alkateak. Sukalki egunean batutako jendetza ere nabarmendu nahi izan dute, izan ere, 43. aldiz ospatu zuten sukalkira 104 kazola aurkeztu ziren.
Santa Eufemia egunari dagokionez, baserri giroko 'azoka indartuta' izan zutela adierazi du alkateak: 'azoka izugarria izan da eta herritarren erantzuna oso ona izan da, gozatu egin dugu azoka eta erakusketekin; izan ere, eszenatoki ezberdinak jendez gainezka egon dira'. Azokaren baitan, 6. Oiloen erakusketa, euskal oiloaren Bizkaiko 4. Txapelketa, Bermeoko abereen erakusketa, buzterrien erakusketa eta Nekazaritza makineria erakusketa egin zituzten, eskaintza zabala ekarriz azokara. Etxeko txikienek ere euren txokoa izan zuten azoka barnean.
Urdaibai arraun taldeari Bermeoko herriak egindako 'harrera ekitaldi beroa' ere aipatu nahi izan du Bidegurenek. Bermeoko alkateak zorionak eman dizkio Urdaibai taldeari 'egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik', eta Bermeoko herritarren artean arraun zaletasuna 'indartsu' dagoela aldarrikatu du.
Jaia herri guztira eta adin guztietara zabaltzeko 'ahaleginak' egin dituztela esan du alkateak, eta helburu hori lortu egin dutela uste du Jai Batzordeak. Dena den, jaiak dagoeneko igarota dauden arren gogotsu azaldu dira udalekoak, 'ahalegin hori egiten jarraitu beharra' dagoela adierazi dute-eta.
Zerbitzuak. Jaiek iraun duten bitartean udalak eskaini dituen zerbitzuei buruzko balorazioa ere egin dute Bermeoko Udaletik. Garbitasunari dagokionez, aurreko urteetan bezala errefortzuak jarri dituzte, eta 'ikusi den bezala, garbitasuneko langileek egindako lanari esker herri guztia garbi mantentzeko helburua' lortu dutela adierazi dute.
Horrez gain, oinezkoei emandako lehentasunak azpimarratu nahi izan dituzte, jai egunetan hainbat kale trafikora itxita egoteak, jai ekimenen 'garapen arrakastatsua ahalbideratu' baitu, eta hori 'positiboa' izan dela uste dute.
Jaiak 'giro alaian ospatu direla eta jendeak disfrutatu egin duela' esanez bukatu du alkateak. Jaien antolakuntzan parte hartu duten pertsona eta elkarte guztiei eskerrak eman dizkie, eta herriko jaiak ospatzerako orduan beraiek egindako lana 'ezinbestekoa' izan dela adierazi du.

HITZA

20 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0