Prentsa

Prentsa

Xixiliri agur, datorren urtera arte

Domekan Xixili erre ostean, datorren urtera arte agurtu dituzte bermeotarrek Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Asteburuan Sukalki Eguna ospatu dute.Jaiak hasi egiten diren moduan, agurtu ere egin behar izaten dira, eta domekan, hamar egun luzeko jaiak ospatu eta gero, andramariak eta santaeufemiak agurtu zituzten bermeotarrek.
Urtero legez, Xixili aurretik zela, doluzko ibilbidea egin zuten, eta 22:00etan hurrengo urtera arte agurtu zuten Xixili; tradizioari jarraituz, olatu horman erre zuten.
Domeka goizean, baserritarrei esker ona adierazteko eguna izan zuten herritarrek. Izan ere, Santa Eufemia egunean azoka eta abereak ikusteko aukera egoten da Lameran eta Taraskan.
Goizetik hasi zuten eguna bermeotarrek, eta jendez bete zuten Lamera. 09:00etatik hainbat produktu dastatzeko aukera izan zuten. Janariaz gain, gainera, abereen erakusketak izan zituzten aukeran. Gainera, txikienak ponyen gainean ibili ziren, taloa jan aurretik.
Azoka egun handia da Santa Eufemia, eta eguraldia lagun, Gazteluko Takone denda eta Mañuko azken artzaina izan zen Sasiain Aiestaran omendu zituzten Santa Eufemia enparantzan.
Udalbatzako kideak eta herritarrak kalejiran heldu ziren bertaraino, eta merezitako omenaldia jaso zuten sarituek.
Omenaldiaren ostean, Balkoitik balkoira bertso saioa eskaini zuten. Bertsolariak Oihana Bartra, Iratxe Ibarra eta Jone Uria izan ziren, eta hainbat gairen inguruan abestu zuten eguerdian.
Lamerako nekazal azokan, eta Taraskako abereen erakusketan jendearen joan-etorria etengabekoa izan zen goiz osoan.
Lamera musikaz bete zuten, eta Taraskan, Euskal Oiloaren IV. Txapelketa hartu zuen Bermeok.
Aurtengo sari nagusia David Munzuriren oilar gorriak eraman du; Bizkaiko txapeldunak 96 puntu eskuratu zituen, eta 25. kaiolan egon zen. Txapelketan 100 bat oilo egon ziren, eta mota bakoitzeko sariak ere banatu zituzten.
Leposoila motako irabazlea Arkaitz Etxegarai izan zen; haren oiloak 94 puntu eskuratu zituen. Zilarra motako oiloetan, berriz, Aitor Gorostolaren oiloa nagusitu zen, 95 puntu eskuratuta. Bizkaitik kanpoko oiloen kategorian, Sergio Peraren oiloak 95 puntu eskuratuta irabazi zuen.
Domekan, gainera, untxiak ere ikusi ahal izan ziren azokan. Haien artean, 112. kaiolan egon zen Emilio Irazolarena izan zen txapelduna. 96 puntu lortu zituen. Hurrengo urtean ere, untxien lehiaketa egingo dutela jakinarazi zuten santaeufemia jaietan.
Sukalki Eguna
Zapatuan, baina, giro ederrean batu ziren bermeotarrak Talan, iaz ospatu ezin izan zuten Sukalki Egunaz lagun artean gozatzeko asmoz.
43. Sukalki Eguna izan zen zapatukoa, eta guztira 104 kazola aurkeztu zituzten, orain bi urte baino kazola bat gutxiago. "Azken urteetan lehen baino kazola gutxiago aurkezten dira, lehen 200 bat inguru egoten ziren. Hala ere, aurton azken urteetan beste kazola egon dira", azaldu zuten antolatzaileek.
Bete-bete egin zuten Bermeoko Tala herritarrek. Goizetik, apurka-apurka suak piztu eta okelaz eta patataz egindako gisatua prestatzen hasi ziren kuadrillak. Gazteak zein nagusiak elkartu ziren bertan, eta batzuek beste batzuek baino lan gehiago egin zuten arren, usain gozoz bete zuten ingurua.
Sukalki Eguna txapelketa bat baino askoz gehiago dela gogorarazi zuten. Urtero, udalaren laguntzagaz, Eleizalde ikastolak antolatzen du txapelketa, eta hala egin du aurten ere. Jaiekin ikastolak duen "konpromiso sendoa" agerian utzi gura izan zuten, eta eredu izan behar dutela aitzakia hartuta, Sukalki Egun "ahaztezina, jendetsua eta jasangarria" antolatu zuten.
Orain arte ospatutako txapelketa guztien artean, aurtengoa izan da jasangarriena: antolatzaileek askotariko hondakinak biltzeko edukiontziak banatu zituzten. Gainera, horiek egoki erabiltzeko eskuorriak ere eman zituzten, "herritarrak birziklatzera gobidatuz eta animatuz".
Ingurumenari keinu egin zioten antolatzaileek Sukalki Egunean, eta arduratsuago jokatu behar dela gogorarazi zuten.

HITZA

18 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0