Prentsa

Prentsa

Bi eskualdeotako atletek 28 domina lortu dituzte Bizkaiko Txapelketan

Tximista taldeak lau urrezko domina eskuratu ditu, Taraskak hiru eta Gernika ATk bat. Talde lekeitiarreko Aiora Agirregomezkortak urrea irabazi du Espainiako TxapelketanAsteburuan Durangon lehiatu dituzte 18 eta 20 urtez azpikoen Bizkaiko Txapelketak, eta beste behin dena eman dute Bermeoko Taraska, Lekeitioko Tximista eta Gernika Atletismo Taldeko atletek. Pista denboraldi amaiera bikaina izan da 16 eta 20 urte bitarteko atletentzat.
Zapatu arratsaldeko saioan bermeotarrek zortzi domina lortu zituzten, eta domekan lau.
Zapatuan, 18 urtez azpikoetan urrezko bi domina lortu zituzten. Pisu jaurtiketan Garazi Lertxundi izan zen garailea, eta luzerako jauzian Lorea Erekatxo nagusitu zen. Lertxundi, gainera, txapeldunorde geratu zen disko jaurtiketan.
Maila bereko 2.000 metroko oztopo proban Itziar Olondo bigarren sailkatu zen. Hala, brontzezko dominak lortu zituzten Iker Ormazak eta Unax Lavinek. Ormazak luzerako jauzian jantzi zuen zilarra, eta Lavinek, ostera, 2.000 metroko oztopo proban.
Bestalde, 20 urtez azpikoetan bi zilarrezko domina irabazi zituen Naroa Fernandezek, zapatuan. 100 metrokoan eta 100 metroko hesietan sailkatu zen bigarren postuan.
Domekako saioari dagokionez, Lorea Erekatxok Bizkaiko txapeldun izatea lortu zuen 18 urtez azpikoen jauzi hirukoitzean, eta 400 metroko hesietan brontzea jantzi zuen. Adin tarte berean, Oier Rodriguezek zilarrezko domina lortu zuen xabalinan, eta Itziar Olondok brontzezkoa 1.500 metroko proban.
Erreleboka
Talde gernikarreko atletek bederatzi domina irabazi dituzte bakarkako lehian, eta beste bi erreleboka. 4x100 metroko errelebo proban brontzea lortu dute nesken zein mutilen laukoteek. Uxue Aurre, Amaia Alberdi, Iara Auzokoa eta Irati Unzueta atletek osatu zuten nesken taldea, eta mutilena Unai Lobatok, Ibon Etxebarriak, Mustapha Herjjouk eta Mikel Ibarrak.
Bakarkako lehiari dagokionez, Aurre eta Unai Lobato bina dominagaz bueltatu dira Bizkaiko Txapelketatik. Lobatok urrezko domina irabazi zuen 800 metrotan, eta 3.000 metrokoan txapeldunorde geratu zen. Aurrek, berriz, zilarrezko dominak lortu zituen 400 eta 800 metroko pro- betan.
Auzokoak 2.000 metroko oztopo proban eskuratu zuen bere bigarren domina, eta modalitate berean zilarrezko domina lortu zuen Ibai Musatadik. Mikel Ibarra hirugarren sailkatu zen 800 metrokoan, eta xabalinan, aldiz, Asier Cisnerosek zilarra eta Daniel Jauregik brontzea lortu zituzten.
Lekeitioko taldeko 18 urtez azpikoetan bi atleta lehiatu ziren. Izaro Jaiok altura jauzian irabazi zuen urrezko domina, 1,50 m-ko jauziagaz, eta Maitane Lakak 100 metroko proban bere denbora asko jaistea lortu zuen.
20 urtez azpikoetan lortu zituzten beste hiru urrezko dominak. Oihane Gonzalez da pisu jaurtiketako txapelduna, Naiara Virto 400 metro leunetakoa eta Maite Goitia disko jaurtiketakoa. Azken modalitate horretan zilarrezko brontzea jantzi zuen Gonzalezek.
Tximista taldeko ordezkariek azaldu dutenez, atleta batzuek ezin izan zuten Bizkaiko Txapelketan parte hartu, Espainiako Txapelketa lehiatu zutelako Durangoko Bidezabal taldeagaz asteburuan, Madrilen. "Handik ere emaitza onekin bueltatu gara. Esate baterako, Aiora Agirregomezkortak lehen postua lortu du 2.000 metroko oztopo lasterketan".
Hurrengoa, Euskadikoa
Bizkaiko Txapelketaren ostean, ekainaren lehenengo asteburuan absolutu mailako Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute gutxieneko markak lortu dituztenek.
Halaber, ekainaren amaieran Espainiako Txapelketa jokatuko dute, Xixonen (Asturias, Espainia).

HITZA

17 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0