Prensa

Prensa

SOS Gaztelugatxe: "aparkalekuak dei efektua egin eta egoera larrituko luke"

Foru Aldundiak 51 auto eta bi autobus sartzeko aparkaleku berria egin gura du Gaztelugatxeko San Juan inguruan, eta horren aurka egiteko plataforma sortu dute. Bakion batzarra egin zuten barikuan, orain Bermeon egin gura dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko San Juanera joateko aparkaleku berria egiteko asmoa daukala iragarri eta berehala sortu da SOS Gaztelugatxe plataforma, “herritarrek iritzia emateko eta ahotsa izateko aldundiak planteatzen duen garapen ereduaren eta jokabidearen aurrean”. Izan ere, Libe Arenaza plataformako kidearen ustez, aparkalekuak aparkatzeko arazoak konpondu beharrean, dei efektua egin, eta arazoa larrituko luke, nahiz eta aldundiak esan Gaztelugatxe inguruko zirkulazioa “antolatzeko eta baretzeko” dela.

51 auto eta bi autobus sartzeko aparkalekua eta txirrindularientzako hamalau metro koadro egin gura dituzte: “1.600 metro koadroko plataforma bat eraiki gura dute, eta kostua 1.000.000 eurokoa da. Eta non eraiki gura dute? Hazten dagoen baso batean; 9.500 metro kubiko betegarri jaurtitzeko asmoa daukate bertan. Inguru horretan, gainera, Atxulo erreka hazten da, eta autoak dauden lekuan olioa eta zikinkeria batzen da; hortaz, ur horiek kutsatuko lirateke biotopoaren kalterako”.

Gaztelugatxeko zirkulazioa antolatzeko eta baretzeko neurriak hartu behar direla “argi” dagoela diote, baina ibilgailu pribatuak mugatuta eta garraiobide publikoa bultzatuta. Arenazaren arabera, hormigoiaren kultura baztertu behar da: “Hori baino ez da egiten, eta dagoena zaindu egin behar da”.

Turismoaren kontrola. “Emergentzia klimatikoan gauden une honetan, eta Eusko Jaurlaritza ere hasi da aurrekontuan horretarako partida bat sartzen, kontrako bidea egitea da Gaztelugatxen egin gura dutena”. Arenazak argi dio ez daudela turismoaren aurka, baina turismoa kontrolatu beharra dagoela: “Gaztelugatxe leku naturala da, eta hain zuzen, leku naturala delako da erakargarria. Orduan, bisitariak erakartzen badituzu, horiek eragiten duten inpaktua apaltzeko neurriak hartzea ondo legoke, zuhaitzak landatuz, ordutegi bat finkatuta edota bisitari kupoa ezarrita”.

Kontzientzia pizteko balioko lukeen turismoa erakarri beharko litzatekeela dio: “Biotopo babestu bat zer den azaldu eta zergatik babestu behar den azaltzen duen turismoa, bai eta inguruan dagoen biodibertsitatearen berri ematen duena ere. Eta ez, argazki bat ateratzera eta kanpaia jotzera datorren turismoa. Jendeari irakatsi egin behar zaio leku babestuetara errespetuz etortzen”.

Hala, plataformaren asmoa ez da eskualdeko garapen ekonomiko eta turistikoa mugatzea. Garapen iraunkorra ahalbidetu gura dute, natura errespetatzen duten eta klimaren aldetik neutroak diren sektore ekonomiko berrietan oinarrituta. Lan aukera berriak sortu gura dituzte, ingurumenerako mesedegarriak eta pertsonentzat duinak.

Biotopoa sortu zeneko agirietan agertzen zen modura, patronatu bat sortzeko eskatu dute: “Beharrezkoa da patronatu batean eragile ezberdinak batzea, denen adostusanagaz gauzak egin ahal izateko. Bizkaian, leku natural gutxi geratzen dira, eta Gaztelugatxekoa biotopo txikia da. Biotopoek, gainera, hazteko aukera eduki behar dute, eta ez alderantziz”.

Irisgarritasun plan adostu bat eskatzen diote aldundiari, “ingurumena eta pertsonen osasuna errespetatuko dituena, mugikortasun iraunkorra bultzatu eta garraio publiko eraginkorra ezarriko duena”.

Arenazaren ustez, aldundiak atzera egingo du bere erabakian: “Ez dauka zentzurik, uste dut erratu egin direla. Euren hauteskunde kanpainako puntuetako bat zen aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurriak hartzea, eta neurri hau ez dator bat”.

Bakion barikuan egin zuten aurkezpena, 200 lagun inguru batu ziren, eta bermeotarrak ere bertaratu ziren. Orain, SOS Gaztelugatxe plataformakoek Bermeon ere batzarra egin gura dute, “denak batuta indarrak metatzeko”.

Mobilizazioak. Oraindik ezer zehaztuta ez badaukate ere, mobilizazioak egitea aurreikusita daukate. Hala ere, lehenik eta behin, Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatuagaz batzeko ordua eskatuko dute, eta Batzar Nagusietara jotzeko asmoa ere badaukate.

Bestalde, aldundiaren behin-behineko proiektuari aurkezteko alegazioak prestatzen ari dira; abenduaren 10era arte aurkez daitezke.

Aparkalekuko obrak geldiarazteko sinadurak biltzen dabiltza, change.org plataformaren bitartez; ia 19.500 sinadira bildu dituzte dagoeneko.

BUSTURIALDEKO HITZA

20 / 11 / 2019

Otras noticias

  • Citas
  • Volante de empadronamiento
  • Volante de convivencia
  • Expedientes económicos
  • Deporte on-line
  • Recibos de basura
  • Multas
  • Matrículak
  • Plusvalías
  • Tributos municipales

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0