Prentsa

Prentsa

Atsedenik hartu gabe, bermeotarrak jaietako azken txanpan sartu dira

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek aurrera dihardute. Kostako herrikoentzako hain bereziak diren egunen azken txanpara sartzen ari dira dagoeneko. Irailaren 16an, Santa Eufemia Egunean amaituko dituzte jai egunak.

Hala ere, bermeotarrak geratzen diren egunei ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko prest daude. Atzo arratsaldean, esate baterako, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera eduki zuten Bermeoko ume, gazte eta nagusiek. Txosna batzordeak antolatuta, tortilla txapelketa lehiatu zuten txosnagunean. hainbat koadrila aritu ziren bertan giro ederrean, eguraldi onak zartaginak kalera ateratzeko aitzakia ederra ekarri zuen-eta.

Etxeko txikienek, berriz, hainbat tresnekin ondo pasatzeko aukera eduki zuten Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolak egindako tailerrean. Ostean gainera, txokolatada egin zuten, Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatuta.

Alde Zaharra ikuskizunentzako gune bilakatu zen. Mikroantzerkiek Bermeoko txoko zaharrenetakoak hartu eta antzezlanen zale zein bertatik pasatzen zirenen begiradak harrapatu zituzten. Gaua, nola ez, musikari eskaini zioten bermeotarrek. Herriko taldeak izan ziren protagonistak atzo: Magnetico Grupo Robot, Urgatz eta Addar taldek Lamera girotu zuten beraien doinuekin, eta ostean DJ Itzaletan Sua-k goizaldeko festa animatu zuen.

Astebururako prest. Datozen egunetan ere indar betean jarraituko dute bermeotarrek. Gaur zer edo zer egin egongo da; esku pilota partiduak ikusi edota txosnetan mozorrotzeko aukera edukiko dute Bermeora hurreratzen direnek.

Zapatukoa egun berezia izango da. Sukalki Eguna gogo handiz ospatzen duten eguna izaten da bermeotarrentzat. Talan goizetik batu, eta bertan izango dira arratsaldera arte. Jana eta edanagaz batera lagunekin batu eta eguna giro ederrean igaroko dute herrikoek dagoeneko 44. aldiz egingo duten ekimenean.

Hala ere, ez da eguneko plater nagusi bakarra izango. Arrauna bermeotarren odolean dago, eta 37. Bermeo Hiria Banderak estropaden zaleak zirraraz beteriko arratsaldea pasatzeko asmoz bilduko ditu portuan. Estropadez gozatu ondoren, musikak hartuko du protagonismoa goizaldera arte.

Lora eskaintza. Etzi ohikoa den lora eskaintza egingo dute Gaztelugatxeko San Juanen. Portutik itsasontzian irten, eta baselizan meza ospatuko dute, ondoren lorak Gaztelugatxe aurreko monolitoan eskaintzeko.

Arratsaldean berriz, Aiarako musika bandagaz batera nagusien danborrada egingo dute. Jaietan hutsik egin ezin duen jarduera horrek Bermeoko kaleak musikaz beteko ditu.

Astelehenak, Santa Eufemia Egunak, amaiera emango dio hamar egun luzez ospatutako festei. Azken eguna izan arren, Xixiliri agur esan baino lehen jarduerez betetako egitarau zabalean murgilduko dira herrikoak.

Goizetik hasita, baserritarren azokak bere ateak irekiko ditu Lameran. Bertan era desberdinetako txapelketa eta erakusketak ikusi ahal izango dira, salmahaiak miatzeagaz batera. Iluntzean Goiko Plazatik hasita doluzko ibilaldia egingo dute Xixilirekin. Portura heltzerakoan Xixili erre egingo dute, jaien amaiera markatuz.

HITZA

13 / 09 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0