Prensa

Prensa

25 urtetako eboluzioa eta garapena islatuko dira Arrain Azokan

Hemen dago 25. Arrain Azoka. Gaur 11:00etan zabalduko ditu ateak, eta hiru egunetan Bermeoko erakusleiho izateagaz batera, udalerriaren iragana eta etorkizuna batuko dituen mota guztietako ekimenak eskainiko dituzte bertan. Izan ere, azokak betetzen duen mende laurdenean egindako ibilbidea balioan jarriko dute antolatzaileek.

Horren Arrain Azoka berezia ospatzeko, tailerrez, lehiaketez edota erakustaldiz betetako egitarau zabala prestatu dute, herriko elkarte, erakunde eta enpresen laguntzagaz.

Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen berbetan, “Arrain Azoka herriko jai garrantzitsuenetariko bat bilakatu da bermeotarrontzat eta baita ere bisitatzen gaituzten guztientzat, eskaintzen duen giroak eta berrikuntzek jende asko erakartzen baitute; izan ere, gure produktuak, enpresak eta herria ezagutzeko eta aldi berean jai giroaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du”.

Bigarren urtez, azokako protagonistetako bat Bermeo Tuna World Capital proiektu estrategikoa izango da. Horren adibidea izango da Lameran jarriko duten 300 metro karratuko karpa, tradizioak zein berrikuntzak biltzen dituzten era guztietako ekimenak egiteko. Horietan “jasangarritasunak eta elkartasunak presentzia garrantzitsua” izango dute.

Esaterako, ekainean Izaro Sub urpekaritza kluba beste hainbat erakunde eta elkarteren laguntzagaz prestatzen ari den Zero Plastiko Urdaibai itsas garbiketa erraldoia aurkeztuko dute bertan.

Musikak ere lekua izango du BTWC gunean. Izan ere, aurten 25 urte betetzen dituen Bermeoko Izaro abesbatzak emanaldi berezia eskainiko du. Horregaz batera, Serrats eta BTWCek antolatutako ipuin lehiaketaren sari banaketa eta hainbat tailer egingo dituzte karpan.

Arrain Azokaren helburu nagusietako bat Bermeoko itsas ondarea eta tradizioak zaintzea eta bisitariei erakustea izan da bere sorreratik. Hori dela eta, azokak iraungo dituen egun guztietan itsasoagaz duten lotura agerian jartzeko arrain salmenta irudikatuko dute Kofradia Zaharrean, eta Corrado Bonomi artista italiarrak atun latekin egindako artelanen erakusketa ere ikusi ahalko da bertan. Ohitura denez, Hegaluze itsasontziko irtenaldiak egingo dituzte azokako egunetan.

 

Bermeotarrak Fanfarreako kideak kalejiran, iazko Arrain Azokan.

Gainera, Arrantzaleen Museorako sarrera doakoa izango da, eta hara doazenek herriko hizkuntza eta arrantza batzen dituen Izena hartu eta izena emon erakusketagaz gozatu ahal izango dute. Ortuberen Lagunak elkarteak antolatuta, Ortube itsasontzia bisitatzeko eta boluntarioek egindako lan izugarria ikusi ahal izateko ate irekien jardunaldia egingo dute zapatuan.

Beti bezala, umeek ere beraien lekua edukiko dute azoka barruan. Beste urte batez, Galerna elkarteak portu barruan belaontzian nabigatzeko aukera emango die etxeko txikienei. Nautika eskolak, bere aldetik, gaur eta bihar irekiko ditu ateak. Bertan planetariuma eta nabigazio simulagailua bisitatu eta familientzako korapilo tailerrak egingo dituzte.

Jai giroan. Aipatu bezala, azokak jasangarritasunaren alde egiten jarraituko du. Horren erakusgarri bezala, bigarren urtez Erronka Garbia ziurtagiria izateko konpromisoak hartu ditu, ingurumenean duen eragina murrizteko helburuagaz.

Ekimen horiekin guztiekin, jai giroan murgilduko da Bermeo gaurtik domekara arte. Herria alaitzeko erantzukizuna fanfarreek, dantzek, danborradek, txistulariek, trikitilariek, erraldoiek eta gaiteroek hartuko dute bere gain.

Dena dela, Arrain Azokaren erakargarri nagusia, nola ez, Lameran jarriko dituzten 21 erakustokiek osatzen dute. Horietan enpresa eta erakunde desberdinek beraien produktuak eskainiko dituzte. Bisitariek produktuak dastatu eta erosteko aukera edukiko dute. Gaur eta bihar 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo dira zabalik azokako ateak, eta 11:00etatik 15:00etara bitartean, domekan.

Hegaluze, Erroxaperentzat. Gaur eguerdian 23. Hegaluze Saria banatuko dute BTWC karpan. Aurtengo saria 25. urteurrena betetzen duen herriko Erroxape Emakumeen Elkartearentzat izango da, Arrain Azokan “izan duten parte hartze aktiboagatik eta inplikazioagatik”. Izan ere, elkarteko kideak 1994 urteko lehenengo azokatik aritu izan dira lanean boluntario modura, «karpetan eta Kofradia Zaharrean».

Mari Jose Lopez elkarteko presidenteak adierazi duenez, “ilusio handia” egin die elkarteko kideei sarituak beraiek izango direla jakiteak. Azken 25 urteetan “herriarengatik hainbat gauza” egin ondoren, “herriak elkartea aintzat hartzea poztekoa izan da guretzat”.

23. Hegaluze Saria elkarteak mende laurdeneko ibilbidean eduki dituen presidenteek jasoko dute: Karmen Ispizua, Rosi Arrien, Marije Ursua, Irune Uriondo, Karmen Belaustegi eta Mari Jose Lopez izango dira gauko irekiera ekitaldian saria eskuetan hartuko dutenak.

Egitaraua:

Gaur, maiatzak 17:

  • 09:00-11:00. Nautika eskolako nabegazio simulagailura eta planetariumera bisitak eta korapiloen tailerra.
  • 11:00. 25. Arrain Azokaren irekiera.
  • 11:00. PiE-UPV/EHU Plentziako itsas estazioaren tailerra, BTWC karpan.
  • 11:00-12:00. Arroyabe arrain kontserba lantegira bisitak.
  • 12:30. Arrain Azokaren hasiera eta Hegaluze Saria, BTWC karpan.
  • 13:30. Erakusketa eta tailerrak, BTWC karpan.
  • 17:00. Galerna elkarteak umeekin irteera egingo du belaontzietan edur fabrikatik.
  • 17:00. PiE-UPV/EHU Plentziako itsas estazioaren tailerrak.
  • 17:30. Eroskik antolatutako tailerrak, BTWC karpan.
  • 18:30. Urdaibai Bird Centerren tailerra, BTWC karpan.
  • 19:00. Serrats eta BTWCek antolatutako ipuin lehiaketaren sari banaketa.
  • 19:30. Albacora atunontzietako sukaldarien erakustaldia, karpan.
  • 20:00. Alkartasuna Dantza taldea, Lameran. Ostean. Larrain dantza herrikoia, Portuzarrean.
  • 20:30. Izaro abesbatzaren emanaldia, BTWC karpan.

Bihar, maiatzak 18:

  • 10:00-13:00. Nautika eskolako nabegazio simulagailura eta planetariumera bisitak eta korapiloen tailerra.
  • 10:00-14:00. Ortube itsasontzian ate irekiak.
  • 11:00. Batelen estropada, VI. Arrain Azoka bandera.
  • 11:00. PiE-UPV/EHU Plentziako itsas estazioaren tailerrak
  • 11:00. Zero plastiko Urdaibai ekimena, BTWC karpan.
  • 11:30. Itsasoko sastarren tailerra karpan, Aztiren eskutik.
  • 12:00. Danborrada, Alde Zaharrean, Lameran, Gaztelun eta Portuzarrean Bermeotarrak fanfarreagaz eta Musika Eskolako haize taldeagaz. Gainera, kalejira Kankinkabara eta Arrekatxutxa txistu taldeekin. Lameran eta Portuzarrean
  • 12:00. Eroskik antolatutako tailerrak.
  • 13:00. Albacora atunontzietako sukaldarien erakustaldia, BTWC karpan.
  • 13:30. VI. Arrain Azoka banderaren sari banaketa, BTWC karpan
  • 13:30. Itsasoko sastarren tailerra karpan, Aztiren eskutik.
  • 14:00. Umeak arrainekaz tailerra Berton elkartearen eskutik, BTWC karpan.
  • 17:00. PiE-UPV/EHU Plentziako itsas estazioaren tailerrak.
  • 17:00. Itsasoko sastarren tailerra karpan, Aztiren eskutik.
  • 18:00. Eroskiren tailerrak.
  • 19:00. Albacora atunontzietako sukaldarien erakustaldia.
  • 20:00. Habanerak, frontoian.
  • 20:00. Izaron Aranzadi elkarteak egindako lanaren azalpena, BTWC karpan.

Domeka, maiatzak 19:

  • 11:00. Bostale elkartearen tailerra, BTWC karpan.
  • 12:00. Eroskiren tailerrak, BTWC karpan.
  • 12:00. Umeak arrainekaz tailerra Berton elkartearen eskutik, BTWC karpan.
  • 12:30. Bermeoko Erraldoien Konpartsaren eta Deustuko Ondalan erraldoien konpartsaren kalejira, Lameran eta Portuzarrean.
  • 13:00. Aranzadi elkarteak egindako lanaren azalpena.
  • 14:00. Zero plastiko Urdaibai ekimena, BTWC karpan.

Eguneroko Jarduerak:

  • Kofradia Zaharrean. Atun errea eta marmitakoa jateko aukera 11:00etatik 22:00etara bitartean. Domekan, eguerdira arte banatuko dute janaria. Ekimenak helburu solidarioa dauka. Gainera, arrain salmenta irudikapena 13:30ean eta 17:30ean euskaraz eta 11:30ean eta 19:30ean gaztelaniaz (domeka arratsaldean izan ezik). Corrado Bonomik egindako arrain laten erakusketa ikusgai egongo da.
  • Arrantzaleen Museoan. Izena hartu eta izena emon erakusketa. Sarrera doakoa.
  • Hegaluze ontzian irteerak. Zapatuan, 12:00etan, Gaztelugatxera, eta 18:00etan, Elantxobera. Domekan, 12:00etan, Elantxobera, eta 18:00etan, Gaztelugatxera. Nagusiek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta umeek, berriz, 7 euro.

HITZA

17 / 05 / 2019

Otras noticias

  • Citas
  • Volante de empadronamiento
  • Volante de convivencia
  • Expedientes económicos
  • Deporte on-line
  • Recibos de basura
  • Multas
  • Matrículak
  • Plusvalías
  • Tributos municipales

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0