Prentsa

Prentsa

Euriari, kolorea eta umorea

Eguraldi txarraren eraginez, ikastetxeen kalejirak bertan behera utzi dituzte beste urte batez. Hala ere, jairik ez da falta izan, eta ume, gazte eta nagusien sormenez bete dira kaleakBeste urte batez, aratusteetako martitzena eguraldi txarragaz etorri da, badira zenbait urte jada. Eguraldi txarrari aurre egiteko umorea izaten da ona, eta hala egin zuten atzo.
Ikastetxeetatako kalejirak, beste behin ere, bertan behera utzi behar izan zituzten han eta hemen. Hortaz, ikastetxe barruetan ondo pasatzen ibili ziren ume eta gazteak. Bermeon, esaterako, kanporako prestatutako dantzak eskola barruetan egin zituzten, poz-pozik. Eta herriko kaleetan umorea eta kolorea jartzen ibili ziren, berriz, Erroxapeko Martxakoak. Merkatu plaza girotzen hasi ziren eguerdian, eta handik abiatu ziren kalejiran euren dantza eta kantuekin.
Bestalde, arratsaldeko diskofesta Lameran barik, Goiko Plazan jarrita dagoen karpa handian egin zuten.
Mundakan, aldiz, Isla Kale kiroldegian elkartu ziren herriko ume zein horien guraso eta ingurukoak. Euriak ez zuen garrantzia handirik izan aterpe horretan, eta Mundakako Eskolako umeek erakustaldia egin zuten bertaratutakoen arreta bereganatuz.
Taberna sarituak
Bermeoko Alde Zaharreko lore lehiaketan girotuta dagoen Zubi Gane tabernak jaso zuen atzo XVII. Tabernen mozorro txapelketaren lehenengo saria. Itsuki irratiak emandako 40 iragarkiko publizitate paketea eta hiru eguneko lagun birentzako egonaldi berezia jaso zituen saritzat.
Bigarren saria Harritarrak marrazki bizidunetan girotuta dagoen Taraska tabernak jaso zuen, eta hiru eguneko lagun birentzako gourmet egonaldia jaso du saritzat. Aurtengo hirugarren saria, berriz, Ipar Amets tabernarentzat izan da, Popeye marinela marrazki bizidunen gaia landuta. Bi eguneko lagun birentzako egonaldia jaso du saritzat, hain zuzen ere.
Sei taberna aurkeztu dira aurtengo txapelketara: Zubi Gane, Gure Toki, Gaztelupe, Ipar Amets, Irish Pub eta Taraska.
Aurten herritarrek ere bozkatzeko aukera izan dute Internet bidez edo Gizarte eta Kultura Etxean egon den kutxan. Boto horiek guztiek %60ko balioa izan dute, eta gainerako %40a epaimahaiak erabaki du.
Epaimahaikideek parte hartzaile guztien "originaltasuna" eta tabernek egindako lan handia nabarmendu zituzten atzo.
'Circus Zirkue'
Pailazoak, magoak, akrobatak, dantzariak, sagu eta lehoiak euren hezle eta guzti... Circus Zirkua-k kolorez bete zuten goizean Ispasterko frontoia.
Beste urte batez, ikuskizun ederra eskaini zuten udalerriko umeek. Azken asteetan eskolan prestaturiko emanaldian argi utzi zuten sormena ez zaiela falta.
Frontoira bertaratutakoei ongietorria emanez hasi zuten ekitaldia, eta eurak dibertitu eta ikusleak jostarazi zituzten. Eskolako txikienetik hasi eta nagusietaraino, taldeka atera ziren ikuskizun bikaina eskaintzeko gogotsu.
Magia trikimailuak, pailazoen zorakeriak, akrobaten abilezia, dantzarien trebatasuna... Erakustaldi ederra burutu zuten.
Bermeon moduan, Lekeitioko Eskolako eta Ikastolako neska-mutikoek herrian zehar egiten duten kalejira bertan behera geratu zen. Iturriotz Institutuko gimnasioan egin zuten jaialdia eskolakoek, eta Santi Brouard frontoian bildu ziren Azkue Ikastolakoak antzerki berezia eskaintzeko.
Bete-beteta egon zen Iturriotzeko gimnasioa. Ume eta irakasleak aurrean eta guraso eta senideak atzean, ikuskizuna ikusteko gogoz. Xabier Iturbe eskolako zuzendariak egin zituen aurkezle lanak eta txikienetik hasita, mailaka, erdira atera ziren ikasle eta irakasleak azken hileetan prestatutako ikuskizuna eskaintzeko. Abestu, dantzatu eta antzeztu ere egin zuten ikasleek. Lekeition garai ezberdinetan bizi izan diren pertsonaiak irudikatu zituzten cro-magnoetatik hasita. Bale harrapatzaileak, arrantzaleak, jostunak, arrain saltzaileak eta inudeak atera ziren dantzara, besteak beste.
Marijo Artola eta Jose de la Torre Purru Azkue ikastolako zuzendariek egin zuten aurkezle lana, frontoian. Azaldu zutenez, ikastolak betidanik ospatu ditu inauteriak, eta neska-mutil guztiek batera ospatzen dituztela 23 urte dira. Hasieran plazara joaten ziren, eta 2.000 urtetik aurrera, frontoiko aterpera. Urtero gai bat aukeratu, gidoi bat prestatu eta horren inguruan antolatzen dute ikuskizun musikatua: "Ikastolako komunitate osoak parte hartzen du, 400 lagunek baino gehiagok".
Aurtengo gaia Marrazki Bizidunak izan da, eta Azkue bizi bizia ikusi ahal izan zen ikuskizunerako eraldatu duten frontoian. Maya erlea, Azkuetarrak, Asterix eta Obelix galoak eta erromatarrak, indioak, vikingoak Vicky bikingoarekin batera, Potxokiak, Marco, Heidi, Pipi Kaltzaluze, Minions-ak eta beste hainbat pertsonaia ezagun atera ziren dantzara.
Ondarroan hiru ikastetxeetako ikasle eta irakasleak eta udaleko kideak gogotsu zeuden kalejirari ekiteko, baina ezinezkoa izan zen. Lantzoi jauna ere prest zegoen KamiƱazpin hainbeste esperotako kalejira hasteko.
Hala ere, ikasle, irakasle eta gurasoak ez ziren kikildu eta bakoitzak bere ikastetxean egin zuen jaia. Kalejirarik ez egitea erabaki orduko Zaldupe eskolako eta Txomin Agirre eta Zubi Zahar ikastoletako jolastokietan egin zuen eztanda musikak: eguraldi txarrari aurpegi ona ipini eta dantzan aritu ziren denak.
Akulari agurra
Arratsaldean play-back lehiaketaz eta Kresalaren dantza saioaz gozatu zuten ondarrutarrek. Horren ostean, Artelaneko kideek Akulari agurra eman zioten danbor hotsen laguntzagaz, eta gero uretara bota zuten Zubi Zaharretik, datorren urtera arte aratusteei agur esanez.

HITZA

14 / 02 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0