Prentsa

Prentsa

Bizitza duina izateko lan duina behar dela ari da aldarrikatzen LAB

Sindikatu abertzalearen prekarietatearen aurkako ekimen ibiltaria Ondarroan egon zen astelehenean, eta atzo, berriz, Bermeon. Abenduaren 6ra arte herriz herri ibiliko diraUrriaren 16an hasi zen LAB sindikatua prekarietatearen aurkako ekimen ibiltariagaz Iruñean, eta abenduaren 6ra arte herriz herri ibiliko dira. Astelehenean, Ondarroan egon ziren; atzo, berriz, Bermeon. Langile eta herritarrek bizitza duina izateko daukaten eskubidea aldarrikatzen dabiltza, horretarako lan duina behar dela nabarmenduta.
Ekimen horren bitartez, enpresetatik harago dauden langile motak aztertu gura dituztela esan du Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetako LAB sindikatuaren idazkari nagusi Ion Basurkok, "etxeko langileak, bekadunak, etorkinak, autonomo faltsuak...". Horiei guztiei tresnak eman gura dizkiete, prekarietateari aurre egiteko. "Orain arte sindikatua enpresa mundura mugatu izan da, eta beste langile mota batzuk ere badaude", dio Basurkok.
Herri bakoitzean "prekario" diren lekuetan kokatzen dute ekimen ibiltarian erabiltzen ari diren furgoneta, esaterako, "andrazkoak gehiengoak diren sektoreen inguruan edota borrokak sortu ahal diren eremuetan".
Bermeon, esate baterako, Sanjuanportale inguruan kokatu zuten atzo goizean furgoneta, udal zaharren egoitzaren ondoan. Ondoren, Goiko Plazara joanda, sektore publikoari buruzko eskuorriak banatu zituzten.
Aldundiaren eskumena
Udal zaharren egoitzekin "arazoa" dagoela esan zuen Ramon Garaizar Bermeoko LAB sindikatuaren ordezkariak; horregatik kokatu dute ekimen ibiltaria gune horretan. "Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena da bigarren eta hirugarren mailan dauden pertsonen zaintza. Zaharren egoitzetara bideratzen duten dirua, hala ere, berbera da egoitza pribatu zein publikoentzat. Eta ezin daitezke alderatu zaharren egoitza pribatu batek ematen dituen zerbitzuak egoitza publiko batek ematen dituenekin. Lan baldintzak eta kalitatea oso ezberdinak dira", dio Garaizarrek.
Aldundiak "egoiliar bakoitzeko prezio bat" ezartzen du, "langileen lan baldintzak kontuan hartu gabe, nahiz eta ondo dakiten zein den benetako kostua". Modu horretan, "sektore pribatuaren neurri gabeko irabaziei" bide ematen ari direla uste dute, sektore horretako langileen egoera "gero eta prekarioago" bihurtzen ari dela nabarmenduta.
Aldundiari eskatzen diote, hortaz, ordain dezala "benetako prezioa, benetako lan baldintzekin". Izan ere, langileen ratioa, dagoeneko, sektorean aldarrikatzen den gauzetako bat da.
Datu bat ere eman dute. Bizkaian 5.110 ohe daudela jakinarazi dute, horietatik 917 bakarrik dira kudeaketa publikokoak.
Arratsaldean, berriz, Lameran egon ziren, arrantza eta kontserba lantegien inguruko ekimenakin. "Arrantza desagertzen ari da Bermeon, gero eta itsasontzi gutxiago daude, eta hori ere arautu barik dago. Hala, lehen sektorea aldarrikatzen jarraitu beharra daukagu, ikusten dugulako gero eta gutxiago ekoizten dela Euskal Herrian. Eta, Euskal Herrian badago gaitasuna bertan lan egin eta bizitzeko, betiere, lan baldintza onekin".
Kontserberen sektoreari dagokionez, laster hasiko dira lan hitzarmena negoziatzen: "Prekarietateagaz amaitu beharra dago sektore horretan, lan baldintza duinak behar dituzte bizimodu duin bat edukitzeko".
Arrantzaleak "zapalduta"
Ondarroan, bestalde, prekarietatean bizi behar izatearen erantzuleak zuzenean izendatu dituzte: "Kutxabank, CEDE, Adegi, Confebask, CEN, PP, PSOE, EAJ eta BBV dira langilegoari eskaintzen zaion bizitza eta lan baldintza onartezinen errudun". Horiez gain, "Madrilgo Gobernua eta Eusko Jaurlaritza" ere errudun jo dituzte.
Zapaldutako beste talde bat arrantzaleak direla aipatu dute, baxurakoak bereziki. Asko eta asko "nominarik gabe, segurtasun baldintzarik gabe, hitzarmenik gabe, lanaldi arauturik gabe eta oporrik gabe" daudela azpimarratu dute, besteak beste. Alturako arrantzaleek ere atsedenerako tarterik ez daukatela, lanordu amaiezinak jasaten dituztela eta itsaso txarragaz ere arrantzara ateratzen direla gaineratu dute. Portura lan bila joaten diren etorkinek jasaten duten egoeraz ere hitz egin dute. "Jauntxoak ez daude bakarrik Andaluzian, hemen, Ondarroako portuko eraikinetan ere badaude!".
Azkenik, LAB sindikatuak Ondarroako portuan eman daitekeen txalupen deslokalizazioa geratzeko eskaria ere luzatu dio Eusko Jaurlaritzari, OPPAO elkarteari eta Armadoreen Elkarteari. Sindikatuaren esanetan, zurrumurruak daude enpresa bereko bi ontzi herritik joan daitezkeela; "30 lanpostu galduko lirateke". Horregatik, "arrantzaren defentsa" esaten dutenean, hitz hutsala izatetik errealitatera igarotzeko deia egin die aipatu erakundeei. Euskal Herriko arrantza etorkizuneko oinarrietako bat izan dadin txalupa gehiago ez saltzea aldarrikatu dute.

HITZA

22 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0