Prentsa

Prentsa

Jai eta euri, Andra Mari

Asteburuko euriak ez du bermeotarren parranda gogoa zapuztu. Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako egitarauan aurreikusitako jarduera guztiak egin ahal izan dituzte, oraingozEguen gauean abiarazi zituzten Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bermeotarrek. Ordundik, egun bete-beteak izan dituzte Bermeon, atsedenik hartu gabekoak. Zeruari begira ere ibili dira asteburuan, eguraldiak ez duelako askorik lagundu. Hala ere, oraingoz, jaietako egitarauan aurreikusitako jarduera guztiak egin ahal izan dituzte.
Goiko Plaza jendez bete zen eguenean jaietako protagonista nagusi Xixiliri ongietorria emateko. Urtero legez, txalo zaparrada artean aurkeztu zuten. Idurre Bidegurenek pregoia irakurri ostean, Ortuberen Lagunak elkarteko kideek izan zuten ikurrina eta Bermeoko bandera jasotzeko ardura. Ondorengo txupinagaz eztanda egin zuen festak.
Jaiak hasi aurreko arratsaldea ere ezberdina izan da aurton. Ohiko Almikako jaitsiera egon ez zenez, Bilbosalsa taldeko kideek bete zituzten Bermeoko kaleak kolorez. Lau ordu eta erdiko kalejira egin zuten txupina jaurti aurretik.
Jaietan, hala ere, protokoloak ere agintzen du, eta protokoloak eskatzen duena egin zuen Bermeoko Udalbatzak barikuan, Andra Mari egunean. Goiko Plazan batu eta alkate soinua entzun ostean, Almika auzorantz abiatu ziren. Han, Alkartasuna Dantza Taldeak ohorezkoa aurreskua dantzatu zion udalbatzari. Ondoren, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren ekitaldia egon zen; Xixilik ere erraldoiekin dantzatu zuen.
Aurtengo txosna erraldoia ere bete egin zen barikuan; herri bazkaria egin zuten, eta ondoren, jai herrikoiei buruzko mahai-ingurua egin zuten.
Umeen danborradako danbor hotsak ere ez ziren falta Andra Mari egun arratsaldean.
Omenaldia
Parrandarako egun handia dute bermeotarrek Arrantzale Eguna, eta euriak ez zuen, gainera, parrandarako gogoa zapuztu. Goiz-goizetik mahoiz jantzita kalera atera ziren herritarrak zapatuan, eta ohitura galdu barik, Goiko Plazatik hasi eta Taraskaraino, hauts zuri artean kalejira egin zuten ume, gazte zein nagusiek. Ze guapa zauz Taraska abestu ostean, lore eskaintza egin zioten Taraskari.
Parrandaz gain, urtero, omenaldirako tartea ere hartzen dute Arrantzale Egunean. Lameragane txokoak antolatuta, sorkidxe eta kriela erabili dituztenak omendu zituzten; aurten, Artza pilotalekuan egin zuten ekitaldia, eguraldiak aginduta. Isabel Uriondo eta Marije Urkidi sorkidxek eta Juan Arenaza eta Ramon Begoña krielak omendu zituzten. Emakumeei aipamen berezia egin zieten, etxean eta etxetik kanpora egindako lana askotan aitortu barik geratu izan delako.
Bestalde, oraindik arrantzan dabilen Txomin Bilbao Bilbaori ere omenaldia egin zioten. Bermeoko arrantzalerik nagusiena da. 90 urte ditu, eta 78 urte daramatza Bilbaok arrantzari lotuta. Bere seme Jose Ramon Bilbaok ere bertsoa eskaini zion zapatuko ekitaldian.
Puzgarriak, tarteka
Domekan, ume eta gazteek aurten Zubiaur Tar Kepako plazan jarritako puzgarrietan ondo pasatzeko aukera eduki zuten. Hala ere, tarteka ibili ziren, haize boladak tarteko, zenbait unetan hustu egin behar izan zituztelako. Tio Teronen semeak dantza taldearen eskutik, bestalde, dantza emanaldi ezberdin batez gozatzeko aukera egon zen eguerdia Lameran. Herritarrak ere dantzan jarri zituzten.
Euskeraz Berbetan Taldeak antolatuta, berriz, herri kirolak eta bertso saioa egon ziren Artza frontoian. Josu Goikoetxearen agindupean, bertso botaka ibili ziren Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Etxahun Lekue eta Alaia Martin bertsolariak.
Visca La Terra Eguna
Eta atzo, Diada Egunean, Herrialde Katalanetako gastronomia eta kulturaz gozatzeko aukera eskaini zuten txosna gunean Bermeon bizi diren katalane- kin osatutako SOM-HI elkartekoak. Iaz egin modura, aurten ere, Visca la Terra Eguna antolatu dute.
Butifarrada herrikoia prestatu zuten bazkaltzeko ordurako, eta iluntzean, cremat eta Diada Eguna ospatzeko brindisa egin zituzten. Diada Eguna, hala ere, musikagaz amaitu zuten; Salitre Bermeoko musika taldeak eta Desquicik jo zuten txosna gunean bertan.
Arratsaldean, Ortzi Akostaren Ilusioa kale ikuskizunagaz ondo pasatzeko aukera eduki zuten Irakaskintzara bertaratutakoek. Ondoren, txokolate beroa eta bizkotxoak banatu zituzten.
Eguenetik jaietan badaude ere, oraindik egun asko dituzte bermeotarrek jaiez gozatzeko. Zapatura arte, ume, gazte zein nagusientzako jarduerak egongo dira aukeran.

HITZA

12 / 09 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0